Tortura gizateriaren aurkako delitu jota agindu ditu atxiloketak Servinik

Frankismo garaiko ustezko lau torturatzaile estraditatzea PPren gobernuaren esku dago; Barne ministroak «elkarlana» agindu du «Lehen pausoa» baina garrantzitsua iruditu zaie memoria historikoan ari diren taldeei

Irati Sarasua. Mikel P. Ansa
2013ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Maria Servini de Cubria epaileak, 204 orrialdeko txostenean, frankismoan gertatutako krimenen zerrenda luzea jaso du: desagertzeak, torturak, ume ebasketak, hilketak, lapurretak, fusilatzeak... Zerrenda luze horretatik, torturen hariari tira die. Herenegun argitaratu zuen ebazpena, eta 1960ko eta 1970eko hamarkadetan —baita gerora ere, ebazpenean aipatu ez badu ere— polizia lanak egin zituzten lau funtzionario atxilotzeko agindua eman du. Torturak salatu dituzten euskal herritarren, espainiarren eta katalanen lekukotasunak erabili ditu argudiatzean. Nazioarteko kasuen azterketa xehea egin ostean, ebatzi du torturak gizateriaren aurkako delitu izan daitezkeela modu «sistematikoan» erabiltzen direnean. Eta salatutako dozenaka polizietatik lau atxilotzeko agindu du. 8 eta 25 urte arteko kartzela zigorra jaso dezakete.

Espainiako Gobernuaren esku dago orain erabakia. Argentinako epaileak atxiloaldi prebentiboak egiteko agindu du, lau akusatuak Argentinara estraditatu eta galdekatzeko. Ihes egingo balute, Interpoli agindu dio atxilotzeko. Baina, oraingoz, ministroen kontseiluaren esku dago gaia. Oniritzia emanez gero, Espainiako Auzitegi Nazionalak aztertuko luke eskaria. Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak ziurtatu zuen atzo eskari ofiziala jasotakoan Espainiak sinatuak dituen nazioarteko araudien arabera jokatuko duela, hala egiten duela beti: «Elkarlanean aritzen gara beti, eta hartutako konpromisoak betetzen ditugu».

Espainiako eta Argentinako gobernuek sinatua dute estradizioetarako akordio bat. Frankismoaren aurkako kereila sustatu duen abokatuetako batek, Ana Messutik, atzo esan zuen ezin dituztela agintariak behartu baina Madrilek Servini de Cubriaren eskariari erantzuten ez badio ez duela irudi ona emango eta beharbada salaketa bat ere jarri ahalko luketela.

Edozein moduz, Messutik eta kereila sustatu duten taldeek uste dute Argentinako justiziak erabaki «historiko» bat hartu duela. Nabarmendu dute era horretako ebazpenik ez zela ikusi Nurenbergeko epaiketez geroztik —juduen aurkako genozidioa epaitu zuten han, II. Mundu Gerraren ostean—. Salatzaileen hitzetan, gainera, ebazpenak frogatzen du 1977ko amnistiaren legeak ez duela ixten frankismoaren krimenak ikertzeko aukera eta delitu haiek ez direla denboran iraungitzen justiziarentzat.

Frankismoko krimenak ikertzeko eskaria 2010eko apirilaren 14an ireki zuten memoria historikoaren inguruan lanean ari diren Espainiako taldeek, Argentinan. Gerora Euskal Herrikoak gehitu ziren, eta kereilaren aldeko plataforma bat ere sortu zuten iaz. Servini de Cubria epaileak hartu zuen kereila, eta Espainiako auzitegiei galdegin zien, urte hartako urrian, ea frankismoko krimenak ikertzen ari ziren. Ia urtebetera iritsi zen Espainiaren erantzuna: ikerketa ugari zeudela zabalik.

Memoria historikoaren taldeek erakutsi zioten epaileari txanponaren beste aldea: Baltasar Garzon epailea hasi zen auzia ikertzen, baina kasua ezin zuela hartu ohartarazi zion Espainiako Auzitegi Nagusiak, eta ikerketa geldiarazi zuen. Horren ostean, lurralde auzitegietan aurkeztutako kasu gehienak ere artxibatu egin zituzten. Biktimen deklarazioak, Garzon berarenak eta Amnesty Internationalenak bildu ditu Servini de Cubriak urteotan. Besteak beste, Garzonen adierazpenotan oinarritu du ebazpena: «[Argentinako] Epaitegi hau da frankismoko biktimei gelditzen zaien azken babesleku judiziala».

Espainiako erakunde publiko eta auzitegiek frankismoaren krimenak ikertzeko ahaleginik ez dutela egin ondorioztatu du Servini de Cubriak, eta, horregatik, auzia bere eskumenekoa dela erabaki du. Jaso dituen salaketetan agertzen diren delituak gizateriaren aurkako delituak direla ebatzi du, eta, beraz, ez direla iraungi. Gainera, horrek esan nahi du «justizia unibertsalaren printzipioa» ezar dakiekeela. Alegia, Espainiak ez baditu bere mendeko lurraldean gertatuak ikertzen, nazioarteko edozein auzitegi gai dela kasuok epaitzeko.

Azaroaren 20an testigantza gehiago jasoko ditu epaileak, Argentinan. Horiekin, inputazio gehiago iritsiko diren esperantza dute Euskal Herriko eragileek. «Lehen pausoa» dela uste dute:

JOSEBA EZEOLAZA Nafarroako Fusilatuen eta Desagertuen Senitartekoen Elkarteko kidea

«Alderdi Popularra agintean egonda, oztopoak jarriko dituela uste dugu»

«Kontuan hartu behar dugu, trantsizioan, frankismotik demokraziara emandako pausoa faltsua izan zela, frankismo garaian eta 36ko gerran ireki ziren zauriak oso gaizki itxi zirelako. Horregatik, gaur memoria historikoaren lanari buruz asko sakondu behar dugu, eta asko borrokatu behar dugu.

»Adibidez, Nafarroan 3.480 pertsona desagertu ziren 36ko gerran; hori ez da arazo partikular bat, gizarte osoarena baizik. Gure balio demokratikoen kontra doa.

»Argentinako aginduaren berri izanda, estatu espainiarrak zer jarrera azaltzen duen ikusi beharko dugu. Bi jarrera izan ditzake: kolaborazioarena, edo oztopoak jartzearena. Horren aurrean ez gaude baikor, Alderdi Popularra agintean egonda, oztopoak jarriko dituela uste baitugu. Hala ere, gizartearen gehiengoak bat egiten du gure aldarrikapenekin, eta hori aurrerapauso bat da. Horrez gain, uste dut epailearen agindua pauso garrantzitsua dela frankismo garaiko sarraskia nazioartean zabaltzeko».

FRANCISCO ETXEBERRIA Auzi medikua eta EHUko irakaslea

«Torturaren inguruko egiaren batzorde baten zain segitzen dugu hemen»

«Ez nau batere harritu, baina egia da gauza bat dakusadala orain: euria hasi du, eta orain arteko errekastoak erreka berera joaten ari dira. Ibai bat sortu da. Ibaiak bere bidea egingo du, aldapan behera doa, eta emari gero eta handiagoarekin. Ez baitu atertuko.

»Orain inoiz baino eskandalagarriagoa ageri da alderdi politiko batzuen jarduna. Alderdi sozialistarena bereziki, oso epe luzean agintean egonik ere ez zuelako ezer egin nahi izan gai honen inguruan. Hemen beti jakin izan dugu Joxeba Arregi hil arte torturatu zutela, torturatzaileak karguz igo zituztela, eta haietako bat Santa Cruz Tenerifekoa hiriko komisariako buru izatera iritsi zela. Adibide bat besterik ez da. Desagerrarazte delituak inoiz ez dira ikertu, baina torturak ere ez. Torturari buruzko egiaren batzorde baten zain segitzen dugu hemen. Erakundeek konpromisoa hartu behar lukete lan hori egiteko.

»Halako delituak ez dira preskribatzen. Bada esaldi bat Servini epailearen ebazpenean, oso esanguratsua. 'Espainiako agintarien ez ikertzeko tema etengabea' aipatzen du. Frankismoaren krimenak ez ikertzeko erabakia indarrean dago gaur egun ere!».

ANDONI TXASKO Martxoak 3 elkarteko kidea

«Frankismoaren krimenak pairatu dituztenak deklaratzera animatuko ditugu»

«Sorpresa atsegina izan da. Bagenekien bederatzi horietatik lau atxilotzeko agindua emango zutela; imajinatzen genuen zein izango ziren, ez zirela ministro ohien aurka joango. Gainera, uste dugu Espainiak ez duela agindu hori beteko. Eta, betetzen ez badu, argi geratuko da demokraziarekiko duen jarrera eta zigorgabetasuna. Baina lau horiek ezingo dute Espainiatik irten; beraz, frankisten gotorleku bilakatuko da.

»Epailearen konpromisoa ere garrantzitsua da. Azaroaren 20an, frankismoaren biktimen testigantza gehiago entzun ostean, jende gehiago atxilotzeko agindua eman dezake epaileak; askok oraindik ez dute deklaratu, beraz, ez dituzte frogak aurkeztu.

»Horregatik, salaketa guztiak lortzeko lana egingo dugu, eta frankismoaren krimenak pairatu dituztenak deklaratzera animatuko ditugu. Orain arte jendeak ez du emaitzarik ikusi, baina orain ikusi dute ez dela denbora galtzea, merezi duela».

JOSU IBARGUTXI Goldatu taldeko kidea

«Garrantzitsuagoa litzateke besteak inputatzea, baina peoiak sakrifikatzen dira lehen»

«Espero genuen, bagenekien lau izango zirela. Buenos Airesen epailearekin egon ginenean kontatu zigun, baina izenik ez zigun eman. Salaketa akusazio argiak zituen. Beste bost inputatuak ministroak eta epaileak izandakoak ziren, eta imajinatzen genuen zailagoa izango zela horiek akusatzea, presio politikoak medio. Garrantzitsuagoa litzateke besteak inputatzea, baina xakean beti peoiak sakrifikatzen dira lehenengo. Hala ere, epaileak esan du aztertzen jarraituko duela. Badira beste epaile batzuk, gobernadoreak eta poliziak inputatzeke.

»Pentsatzen dugu atxilotze aginduak jende gehiago animatuko duela salaketa jartzera. Hemen jendeak izugarriak pasatu ditu, eta salaketak egitera animatzea garrantzitsua da. Gobernua ere urduri jarriko du. Baina ez dut uste Espainiak urratsik egingo duenik, Argentinaren esku utziko dituenik; bere jendea da, eta asko luzatuko dute kontua».

GOTZON GARMENDIA Lau Haizetara Gogoan elkarteko kidea

«Zigorgabetasunean jarraitzeko bideak ez daude itxita»

«Emaitza hau hastapen bat besterik ez da. Pauso garrantzitsua da, baina honek iceberg baten punta besterik ez du islatzen. Zigorgabetasunean mantendu dira, eta, oraindik ere, zigorgabetasunean jarraitzeko bideak ez daude itxita. Beste hainbat arduradun epaitu behar lituzkete ondoren; zalantzarik gabe, monarkia bera eta Borboia ere bai, frankismoaren oinordekoa delako, eta bera izan zelako zigorgabetasuna bermatzeko erregimenak jarri zuena.

»Orain kokatuko da eztabaidaren gakoetako bat: zigorgabetasuna eta amnistiaren legea. Eta trantsizioan parte hartu zuten alderdi politikoek berriro definitu beharko dute euren jarrera.

»Gutxienez hiru salaketa daude jarrita. Irekitako bidea argitu ahala, salaketa gehiago jarriko direla espero dugu. Baina orain artekoa oso arku kronologiko motzekoa da, 1960ko hamarraldira mugatzen da. Eta espero duguna da aurreragoko eta atzeragoko kausak ere zabaltzea; eta hori gertatuko da, ziur nago.

»Baina guretzako esparru juridikoa ez da bide bakarra. Guk paraleloki planteatzen duguna da egiaren batzorde bat osatzea».

MARCELO ALVAREZ Ahaztuak 1936-1977 elkarteko kidea

«Egungo arduradun politiko askok akusatuen aulkian eserita egon beharko lukete»

«Aginduak agerian uzten du trantsiziotik Espainiak frankismoko biktimen eskubideekin izan duen jarrera. Arduratuta gaude, Argentinako salaketan parte hartzen duten edo berau babesten duten hainbat pertsona eta erakundek aurretik izan duten jarrera ez dutelako aztertu, ezta autokritikarik egin ere. Zigorgabetasunari harresia jartzeko, hemen lan egitea garrantzitsua da, eta hemen eta orain zigorgabetasuna arazo politiko bat dela esatea.

»Gure elkateak aspaldi esan zuen gaur egungo arduradun politiko askok akusatuen aulkian eserita egon beharko luketela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.