«Tortura zuria» salatuz

Jon Enparantza presoaren «erabateko isolamendua» gaitzetsi dute, Donostian.Ekinbide batzuk egingo dituzte; larunbatean, manifestazioa

Donostiako Antiguako bizilagun Xabier Iriondo eta presoaren emazte Maider Alustiza, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / ARP.
enekoitz esnaola
Donostia
2015eko irailaren 8a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Iazko urrian eman zuten Jon Enparantza euskal presoaren (Donostia, 1968) «erabateko isolamendu» egoeraren berri haren lagunek eta senideek, bilerak egin zituzten Donostiako udal taldeekin, «entzun» egin zieten, eta orain konpromiso «zehatzak» nahi dituzte, «egoera gogorra baita», presoaren emazte Maider Alustizak esan duenez. Donostian adierazi du hori, prentsaurreko batean, Antigua auzoan, bizilagun batzuen talde bateko kideekin batera. Datorren larunbatean manifestazio bat egingo dute, Antiguan (13:30, Gaskuina plaza), Isolamenduari stop! Presoak etxera! lelopean. Udal taldeekin bildu ostean, mozio bat aurkezteko asmoa dute. Presoaren egoera legez kanpokoa delakoan, Donostiako Epaitegian salaketak aurkeztuko dituzte, halaber.

Segoviako espetxeko (Espainia) modulu batean bakartuta daukate Enparantza. Egunean zehar, hogei ordutan ziega barruan edukitzen dute, bakarrik, eta patiora ateratzen denean ez du inor ikusten; egun osoan, espetxeko langileak baino ez. Patioa txikia da, eta hormak eta gaineko sarea soilik ditu ikusgai. «Borrokaren ondorioz lortutako garaipen txiki» bati esker, kartzelako kiroldegirajoateko aukera du, baina han ere ez du inor izaten. «Europak tortura zuri gisa aitortua du egoera hori», azaldu du Alustizak.

Joan den urteko urtarrilaren 8an atxilotu zuten, ETArekinlotuta —abokatua da—. Orain arte, hamasei hilabetean egon da «erabat isolatuta». «Muturreko arrisku arrazoiengatik» daukate egoera horretan, espetxe zuzendaritzak hala erabakita.

Prentsaurrekoan, Arantza Zuluetaren kasua ere gogoratu dute. Operazio berean atzeman zuten, eta haren egoera berdina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.