400 bat lagun bildu dira Elorrioko Arriola areatoan, Torturatuen Lehen Batzarrean: adin askotakoak, eta tortura aldi politiko diferenteetan jasandakoak. Torturaren praktika salatu eta desagertzeko asmoarekin bildu dira, eta Susana Atxaerandio eta Edorta Jimenezek irakurri dute ondorioak biltzen dituen agiria, zazpi puntukoa.
Lehenik eta behin, han bildutako pertsonak tortura erabiltzen denaren froga direla agertu dute, "Estatu delitu baten froga". Azaldu dutenez, 1978an Espainiako Konstituzioa onartu zenetik gutxi gorabehera zazpi mila izan dira torturatutako lagunak. Torturak arduradun jakin eta ezagunak dituela erantsi dute, eta zuzenean praktikatzen duten poliziez gain, "salbuespenezko legeak onartzen dituen botere legegilea, lege horiek bere nahierara erabiltzen dituen botere exekutiboa, eta horren plantak egin nahi dituen arren itsutik ezer ez daukan botere judiziala" egin dituzte errudun.
Orain arte torturaren kontrako borroka TAT Torturaren Aurkako Taldeak gidatu duela agertu dute, eta erakunde horren lana ontzat eman arren, aurrerantzean borroka horren gidari torturatuak eurak izan behar direla aldarrikatu dute.
Beren helburua tortura desagerraraztea dela nabarmendu dute, baina adierazpen horrek esanahi zabala duela azaldu dute: gehiago torturarik ez dela izango bermatzea, beren tortura salaketak egiaz ikertuko direl agintzea, torturapean egindako deklarazioetan oinarritutako epaiketak bertan behera uztea, Estatuak torturaren aitortza egitea eta erru hori bere gain hartzea.
Borrokaren gidaritza beren gain hartu duten arren, gizarteko eragileei eta, bereziki, hedabideei, arazo horren ardura har dezatela galdegin diete. Azkenik, tortura testuinguru eta gatazka politiko batean gertatzen dela iritzi diote, eta gatazka hori konpontzeko eta Euskal Herriaren erabakimena errespetatzeko deia egin dute.
"Torturaren makinaria deusestatzeko" lekukotza eman dute torturatuek
Torturatuen Lehen Batzarra egin da Elorrion (Bizkaia), eta praktika horren biktima izan diren 400 bat euskal herritar bildu dira. Torturaren kontrako borrokaren gidari torturatuak eurak izan behar direla aldarrikatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu