«Erantzukizun publikoa hartzeko ordua dela iritzi diogu, tortura Euskal Herrian sistematikoki aplikatu delako». Hala mintzatu dira Amaia Urizar eta Metxe Gonzalez Euskal Herriko Torturatuen Sareak gaur antolatutako ekitaldian. Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabal absolbitu zuen maiatzaren 8an, «tratu gizagabea» jasan zuela aitortuta. Horren harira egin du sareak agerraldia, eta torturaren bidez lortutako frogen ondoriozko zigor penalak indargabetzeko lanean has daitezela eskatu die erakunde publikoei. Ekitaldia Donostiako Justizia Jauregiko atarian egin dute, eta dozenaka lagun bertaratu dira Sorzabali babesa erakusteko eta erakunde publikoei eta gizarteari torturen aferan esku hartu dezatela eskatzeko.
Sorzabal kondenatzeko frogak torturaren bidez lortu zirela eta, hortaz, epaia bertan behera utzi behar zela ebatzi zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak duela bederatzi egun. Gisa horretako aurreneko epaia izan da. Euskal Herriko Torturatuen Sarearen aburuz, «berri ona» da; batez ere auzitegi horrek «hamarkadetan torturak ukatu eta ahalbidetu» dituelako. Horrenbestez, ebazpena bidea urratzen jarraitzeko pauso bat dela uste dute Urizarrek eta Gonzalezek: «Sententzia honek indartu egiten gaitu torturaren aitortza kolektiboaren bidean borrokan jarraitzeko».
Are gehiago, Sorzabalen kasuak «mugarri bat» izan behar duela iritzi diote sareko kideek. Urizarren eta Gonzalezen arabera, torturek «bidegabekeria bikoitza» eragin dute torturatuengan: «Torturaren min fisiko eta psikologikoak pairatu ditugu, eta, gainera, torturaren ondorioz espetxe zigorra jaso dugu gutako batzuok». Horiek horrela, hausnartzeko garaia heldu dela uste dute sareko kideek: «Euskal Herriko Torturatuen Sarekook dei egiten diegu instituzioei, alderdiei eta giza eskubideen aldeko eragileei horretaz [torturaren ondorio penalez] gogoeta egin dezaten eta konponbiderako bideak bilatzeko esku hartu dezaten».
Aitortzaren bidean gizarte osoak esku hartu behar duela iritzi diote torturatuen sarekoek. Izan ere, gaur gaitzetsi dutenez, euskal herritarren aurkako torturei bide ematen zien «egitura oso bat» egon da Euskal Herrian urte luzez. «Erantzuleak Espainiako Estatuko segurtasun indarretatik harago» doazela nabarmendu dute Urizarrek eta Gonzalezek: epaileengan, mediku forentseengan, hedabideengan eta hainbat indar politikorengan jarri dute arreta, besteak beste. Horiek tortura «gauzatzeko eta justifikatzeko» izan zuten erantzukizuna «publikoki onartzea ezinbestekoa» dela iritzi diote Euskal Herriko Torturatuen Sareko kideek, «torturaren aitortzarako eta erreparaziorako bidean aurrera egiteko».
Legea zabaldu
Torturaren ondorio penalei aurre egin eta aitortzarekin jarraitu ahal izateko, Eusko Jaurlaritzari eskari zuzena egin diote gaurko agerraldian: Aitortzarako eta Erreparaziorako 12/2016 Legeak aurreikusten duen denbora esparrua zabaldu dezala. Lege horren arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 1978 eta 1999 bitartean izandako «motibazio politikoko indarkeria egoeran» giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimei errekonozimendua eta erreparazioa ematen zaie.
Bada, denbora tarte hori txikiegia dela iritzi dio Euskal Herriko Torturatuen Sareak. 1999tik haragoko tortura kasuak lege horren barnean aintzat hartuz gero «aitortza ofizialerako eskabideak» bideratu ahal izango lituzketelako dozenaka lagunek: «Sorzabalek eta beste ehunka torturatuk gure kasuak salatu ahalko genituzke».
Gaur hitza hartu duten sareko bi kideak emakumeak izatea ez dute zoriz erabaki. Euskal Herriko Torturatuen Sarearen iritziz, Sorzabalekin gertatutakoak «argiki» azaleratzen du «matxismoak tortura ere zeharkatzen» duela. Urizarrek eta Gonzalezek salatu dutenez, «tortura politiko sexuala» pairatu dute Espainiako Estatuko indarrek torturatu dituzten emakume gehienek: «Eraso sexualen mehatxuak, biluzik egindako galdeketak, ukituak, orientazio sexuala zalantzan jartzea, bortxaketak eta tortura psikologikoak. Hori guztia ukatu eta isilarazi egiten dute oraindik ere Euskal Herrian maila publiko-politikoan».