Jaurlaritzak erantzun du Sorzabalen epaia Gogora-n jorratu beharko dela

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak garrantzitsutzat jo du epaia giza eskubideak aitortzeko bidean.

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna. L. RICO / EFE
Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eleduna. L. RICO / EFE
gurutze izagirre intxauspe
2025eko maiatzaren 13a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Maria Ubarretxena Eusko Jaurlaritzako eledunak «garrantzitsutzat» jo du Espainiako Auzitegi Nazionalak Iratxe Sorzabalen inguruan emandako azken epaia, aurrerapauso bat delakoan giza eskubideen arloan. Dena den, gehitu du Gogora-k heldu beharko diola gai horri.

Ostegunean plazaratu zen epaia. Fernando Andreu epaileak izenpetua da, eta, hartan, lehen aldiz aitortzen da guardia zibilek torturatu egin zutela atxiloaldi batean. Epaian beren-beregi jasotzen da Sorzabalek «tratu gizagabea» jasan zuela, eta besteak beste, elektrodoak jarri zizkiotela. Eztabaidaezintzat jotzen da hori, gainera, txosten zientifikoetan ere hala berresten baita. Horrenbestez, deklarazioan esandako guztiak baliogabetzat jo ditu epaileak, eta Sorzabal absolbitu du auzi horretan.

Sorzabal, baina, preso dago beste auzi batengatik. Sorzabalek salatu zuen auzi hura ere torturapean egindako deklarazioetan oinarrituta zegoela, baina 24 urteko zigorra ezarri zioten, ETAk Gijonen, Espainian, egindako atentatu batean parte hartzea egotzita. Sorzabal Zaballan dago preso, Araban. Hain zuzen, horri buruz galdetuta esan du Ubarretxenak auziak Gogora-ren gain geratu behar duela.

Ubarretxenak esan du Jaurlaritza giza eskubideak defendatzearen aldekoa dela, eta gogora ekarri du Jaurlaritzaren aginduz torturaren inguruan egindako txostena. Ez du zehaztu zer pauso egingo dituzten. 2021ean Pako Etxeberria auzi medikuak eta Laura Pego Kriminologia Institutuko zuzendariak gidatuta egin zuten ikerketan, euskal herritarren kontrako ia 4.000 tortura kasu baieztatu zituzten. Horietatik 1.792 Guardia Zibilaren esku izan ziren, 1.785 Espainiako Poliziaren esku, eta 336 Ertzaintzaren esku. Eusko Jaurlaritza hasita dago torturatuak izan zirenei aitortza egiten. Ertzaintzak torturatutakoei ez die egin oraindik.

Kriminologiaren Euskal Institutuak egindako hiru ikerketen arabera, Hego Euskal Herrian, oraingoz, 5.379 tortura kasu baieztatu dituzte.

Hain zuzen, Sorzabali buruz egindako balorazioan, EH Bilduk salatu du oraindik badirela kasu ugari argitara atera gabeak: esan du Sorzabalena «icebergaren punta» dela eta kasuak milaka direla.

Egiari Zor-ek eta Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak «historikotzat» jo dute Sorzabalen auziko epaia, eta gehitu dute justizia lortzeko lan egingo dutela.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.