Torturari buruzko azterketa feminista ondu du Dañobeitiak 'Sorginak, putak, terroristak' liburuan

Motibazio politikoaren ondorioz jasandako tortura aztertu du, eta, emakume torturatuekin egindako hainbat mintegiren ostean, ahalduntze kolektiborako tresnak elkarrekin pentsatzera deitu du.

gurutze izagirre intxauspe
Donostia
2025eko urriaren 24a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sorginak, putak, terroristak (Txalaparta, 2025), «eta gehi genitzakeen gorriak, basak...». Finean, zera azaltzea izan du xede Olatz Dañobeitia Ceballosek, liburuaren egileak, aurkezpenean argitu duenez, «askotariko botere egituretatik ordenarekiko mehatxu diren komunitateak nola bihurtzen diren torturagarri». Ez hori bakarrik, motibazio politikoaren ondorioz jasandako torturari buruzko azterketa feminista egin du, nola torturatu den azaltzeaz gain, urte luzeetan izan den isiltasunarekin apurtzeko bokazioz. Torturatuak arrakaletatik berriz eraikitzeko aukera duen heinean, egilea saiatu da tresna bat sortzen berreraikitze hori, indibiduala izateaz gain, ahalduntze kolektiborako baliagarria izan dadin. Aurkezpenean alboan izan ditu Iñigo Satrustegi Txalapartako editorea eta Iratxe Retolaza, liburuan editore lanetan jardundako kidea, Emagineko kide gisa.

Dañobeitiak 230 orritan ondu du liburua, eta galdera berriak ere planteatu ditu. «Frankismoan estatua zen biolentzia matxista betikotzen zuena, eta hipotesia da gatazka politiko armatuak erraztu duela hori beste hainbat urtez luzatzea. Ildo horretan, 1970eko hamarkadan mugimendu feminista sortu zen, eta genero ordena ere berregiten ari zen, eta torturak ere eragin zuen gu bat eraikitzeko orduan; patriarkatuarentzat funtzionalak diren gizonak eta emakumeak zuzentzeko edo eraikitzeko tresna ere izan da tortura alde horretatik». 

Proposamen bat egin duela gehitu du Dañobeitiak: indarkeria kontzeptua zabaltzeko saiakera bat, bai matxista eta bai politikoa, eta tortura bera berriz definitzeko ahalegin bat ere bai. Izan ere, torturaren helburuetako bat emakumea militantzia politikotik aldentzea izan dela salatu du. «Ulermenerako ariketa bat ere bada. Ulertzea torturatua, senideak eta ingurukoak. Ulertzea zer gertatu zen, zer egin diguten, nola, eta nola bihurtu dezakegun hori indar eraldatzaile kolektibo».

Hori guztia feminismoa oinarri hartuta egin nahi izan du, uste baitu teoria feministak kontzeptu oso baliagarriak eskaintzen dituela zeuden galderei erantzuteko. «Iruditzen zitzaigun gure herriak aspalditik duela arrakala kolektibo bat, indibidual askoz osatutako bat. Torturaren egia, aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak pentsatzeari ekin diogu feminismotik».

«Iruditzen zitzaigun gure herriak aspalditik duela arrakala kolektibo bat, indibidual askoz osatutako bat. Torturaren egia, aitortza, erreparazioa eta berriz ez gertatzeko bermeak pentsatzeari ekin diogu feminismotik»

OLATZ DAÑOBEITIA Liburuaren egilea

Ez du ahazteko genealogia feminista. Ildo horretan, «genero begirada txertatu zutenei eta orduko lurzorua arrakalatu zutenei» aitortza bat egin nahi izan die liburuaren bidez, eta Arantxa Arruti eta Gurutze Iantzi aipatu ditu. Tortura feminismotik pentsatzeko bidea ireki zutenei ere egin die aitortza, Eva Forest aipatuta.

Retolazak liburuaren ernamuina azaldu du. Nafarroako Torturatuen Sareak Emagin elkartera jo zuen, feminismotik torturaz aritzeko orduan marko bat eskatzeko. «Minez, pozez eta arduraz heldu diogu», azaldu du Retolazak. «Mugimendu feminista etengabe ari da indarkeria matxistaren biolentzia espezifikoak izendatzen, eta biolentzia espezifiko horiek ulertu eta horiei aurre egiteko estrategiak bilatzen. Indarkeria psikologikoa, bikarioa… horiek izendatzen dihardu, eta erantzuteko berezitasun batzuk ditu. Hortxe kokatzen dugu tortura politikoa. Indarkeria matxistaren barruan egon da, eta uste genuen marko hori behar zuela ulertzeko, ikusgarri egiteko, izendatzeko eta horri aurre egiteko estrategiak bilatzeko».

Torturaren izua

Azaldu duenez, «torturaren izua komunitate jakin batean zabaldu zen, eta izu horren itzala modu askotan bizi izan dute pertsona askok, eta oraindik bizitzen dute». Mintegiak eta topaketak antolatu zituzten esperientziak trukatzeko, ulertzeko eta horri aurre egiteko estrategiak elkarrekin pentsatzeko.

Ez dute testigantzez hornitu nahi izan liburua, eta iruditeria horretatik aldendu dira propio, nola azalean, hala mamian. Azalean berreraikitze arrakalatu hori irudikatu nahi izan dute. Eta testigantzentzako kontakizun bat asmatu dute, gertaera errealetan oinarrituta. Liburuan narrazio labur bat idatzi du Leire Ibargurenek: «Izuaren geografia giro hori irudikatu nahi genuen».

Satrustegik eskerra eman dizkie biei egindako ekarpenarengatik: «Laburtuz, tortura praktika matxista bat dela ondorioztatzen da; marko hori ezartzen du liburuak». Hori guztia mimoz eta xehe-xehe landua dagoela nabarmendu. Liburuaren aurkezpen soziala Iruñean izango da, azaroaren 14an, Txalapartaren egoitzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.