Tortura

Torturatuen erreparazioa aztertuko dute Iruñean, azaroaren 17an

Nafarroako Torturatuen Sareak Iruñeko Planetarioan hiru hitzaldi antolatuko ditu, aitortzarako eskubideaz, arreta psikosozialaz eta torturaren osteko erresilientziaz aritzeko

Hitzaldiaren aurkezpena, gaur. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2023ko azaroaren 3a
12:27
Entzun

Iaz garai honetan egin bezala, hitzaldi sorta antolatua du Nafarroako Torturatuen Sareak azaroaren 17rako, Iruñeko Planetarioan. Aurreko urtean, nazioarteko esperientziak izan zituzten hizpide, eta, oraingo honetan, batik bat erreparazioan jarri nahi dute arreta. Hartara, Tortura, erreparaziorako urratsak izango da aurtengo leloa.

Marilo Gorostiaga Sareko kideak azaldu duenez, «konferentzia irekia» izango da, eta bertan parte hartzera dei egin diete interesa duten guztiei.

Hiru hitzaldi izango dira. Lehenengoan, 16:30ean, Lorena Perez Osoriok Txileko esperientziaren berri emango du, eta haren alboan hitz egingo du sareko Jorge Txokarrok ere. Biek torturaren erreparazioa izango dute hizpide. 17:30ean, Peruko Juana Luisa Lloret de Fernandez psikologoak hitz egingo du bere herrialdean gertatutakoaz, eta, Olatz Barrenetxea psikologo klinikoarekin batera, biktimen arreta psikosozialaz hitz egingo dute.

Azkenik, 19:00etatik 20:00etara, Paco Etxeberria Aranzadiko eta Kriminologiaren Euskal Institutuko kide eta auzitegiko medikuak eta Pau Perez Torture Journaleko partaideak erresilientziaz eta erreparazioaz mintzatuko dira.

Gaur konferentziari buruzko prentsaurrekoa eman dute. Nafarroan, eskuin muturreko taldeek eta poliziek eragindako indarkeriaren biktimen legea onartu zen 2019an, eta aurreko legealdian aitortzarako lehen urratsak egin zituzten, eta erreparaziorako batzordea eratu. Eskaeren epea urtarrilean irekin zen, eta, maiatza geroztik, lehen elkarrizketak egiten hasi da batzordea.

Ainara Gorostiagaren arabera, «urrats bat da». «Lege horrek ahalbidetzen du tortura jasan dugun pertsonak aitortzea». Alta, haren ustez, arazoetako bat da estatuak ukatu egiten duela sistematikoki tortura egin dela.

Nafarroan, sareak azken bi urteetan errolda bat egin du, eta 1.073 kasu atzeman ditu: gutxi gorabehera 800 pertsona inguru dira biktimak. Horietatik 300 inguruk jada egina dute eskaera. Gaineratu du 150 pertsonaren kasuak identifikatuta dituztela, baina oraingoz ez dutela modurik aurkitu haiengana iristeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.