Pedro Sanchezen inbestidura

Trafiko eskuduntzak EAJrekin negoziatu izana aurpegiratu dio Navarra Sumak Sanchezi

Ardura aldaketa duela 20 urte Aznarren gobernuak adostu zuela gogoratu dio hautagaiak erregionalistari.

Sergio Sayas, Navarra Sumako eleduna, gaur, Madrilgo Kongresuan. MARISCAL / EFE
Edu Lartzanguren.
2020ko urtarrilaren 5a
13:06
Entzun

Navarra Sumako Sergio Sayasek EH Bilduko Mertxe Aizpuruaren diskurtsoa salatzen hasi du hitzaldia Madrilgo Kongresuan, eta Pedro Sanchez hautagaiak abertzaleari eman dion erantzun "epela eta konplexuz betea" gaitzetsi du.

EH Bildu "demokratikoa" ez dela esan du Sayasek, eta presoei eginiko "ongi etorriak" salatu ditu. "Ni ez nintzateke inoiz presidente izango Bildu bezalako alderdi baten sostengua beharko banu". Nafarroan hori egin dutela salatu du, eta "Espainia saldu" duela egotzi dio Sanchezi. Nafarroan "entsegu orokorra" egin zutela salatu du Sayasek, eta Abertzaleen "txotxongilo" izatea leporatu dio Sanchezi.

"EAJrekin sinatu duzuen ituna iraina da nafarrentzat", esan dio Sayasek Sanchezi, trafiko eskuduntza Foru Poliziaren esku uzteko akordioa aipatuta. Nafarroari dagozkionak "Nafarroaren ordezkariekin" negoziatzeko ohartarazi dio hautagaiari. Guardia Zibila Nafarroatik ez dela joango esan gaineratu du.

Sayasi erantzun dio Sanchezek: "1991ko irailean Herri Batasunak eta UPNk bat egin zuten Nafarroako presidentetza eskuratzeko eta PSEri kentzeko". Sayasek erantzun dio 1991. urtean UPN ez zela ezker abertzalearen eskutik heldu Nafarroako Gobernura, baizik eta "zerrendarik bozkatuena" izan zelako.

Trafiko eskuduntza Nafarroari ematea duela hogei urte Aznarren gobernuak adostu zuela gogoratu dio Sanchezek Sayasi: "Baina zer txantxa da hau? Zelako zinismoa entzun behar dugu hemen?". "Arazoa ez da trafiko eskuduntza, baizik eta norekin adostu den", erantzun dio Sayasek. Halako ituna ezin dela egin EAJrekin, baizik eta Nafarroako Gobernuarekin.

Gaur, Nafarroan, "guardiazibil gehiago dago Nafarroan zuen gobernuekin baino. Nafarroan dagoen alderdi foralista bakarra PSE da", esan du PSOEko hautagaiak. ETAren hainbat biktima "gobernu aurrerakoia" izatearekin pozik agertu dira sare sozialetan, Sanchezek gaineratu duenez.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.