Nafarroako Gobernuak Trafiko Bisore berria aurkeztu du gaur, «herritarrek Nafarroako errepideen unean uneko gorabehera guztiak ezagut ditzaten». Nafarroako Gobernuaren Trafikoko webgunean ikusgai egonen da baliabide berria, eta bertan, erabiltzaileek aukera izanen dute «edozein gertakari, buxadura, erorketa, obra, auto ilara, istripu edo larrialdiren berri» izateko.
Nafarroako Gobernuko Barne, Funtzio Publiko eta Justizia kontseilari den Inma Juriok eta Barne Saileko zuzendari nagusi Salvador Diezek aurkeztu dute bisorea, Trafikoa Kudeatzeko Zentroan. Han kudeatuko dute plataforma, egunean 24 orduz eta urteko egun guztietan.
Juriok azaldu duenez, «errepideen egoerari eta baldintzei buruzko edozein gorabehera jakinarazi behar zaie herritarrei, bidaiatzerakoan erabakiak hartu ahal izateko, bidaia aurreratu edo ibilbideak aldatu ahal izateko. Zerbitzua Nafarroako herritarrentzat ez ezik, foru komunitatera datozenentzat ere bada».
Kamerak, aplikazioak, balizak...
Informazio osoa eman ahal izateko, hainbat iturri erabiliko ditu bisoreak, hala nola Nafarroako Gobernuak hainbat errepidetan paratutako kamera digitalizatuak; Waze eta halako aplikazioak, 112 Larrialdi Zerbitzuen informazio propioa, ibilgailuetako V-16 baliza geolokalizatuak, eta Errepideak Kontserbatzeko Nafarroako Zentroak emaniko datuak.
Informazio hori guztia bildu eta mapan ikusgai jarriko du bisoreak. Horrez gain, unean uneko beste gorabehera batzuk ere aintzat hartuko ditu; besteak beste, kirol ekitaldiak, jaiak, pelikulen filmatzeak eta errepideen mozketak edo trafikoan aldaketak eragin ditzakeen beste edozein gertakari. Informazioa Telegram bidez ere zabalduko du Nafarroako Gobernuak.