Adingabe transen gurasoek kezka agertu dute PPren proposamenen inguruan

Espainiako Alderdi Popularrak agindu du erregistroan norbere sexu aipamena aldatzeko aukera ezabatuko duela, eta trans legea aldatu. Transen gurasoen elkarteek ohartarazi dute hori gauzatzea giza eskubideen arloan atzera egitea litzatekeela.

Alberto Nuñez Feijoo PPren hauteskunde programa aurkezten, azaroaren 10ean. DANIEL GONZALEZ / EFE
Alberto Nuñez Feijoo PPren hauteskunde programa aurkezten, azaroaren 10ean. DANIEL GONZALEZ / EFE
Aitor Garmendia
2026ko azaroaren 24a
09:56
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez trabarik, ez errurik. Hala dio PP Espainiako Alderdi Popularraren hauteskunde programako 115. puntuak. Hain justu, kontrakoa da PPk puntu horretan proposatzen duena; hau da, gobernura iristen bada traba gehiago jarriko ditu: agindu du trans legea moldatuko duela eta erregistro zibilean norbere sexu aipamena aldatzeko aukera ezabatuko duela. Adingabe transen gurasoen elkarteek kezkaz eta gaitzespenez hartu dituzte proposamen horiek, eta ohartarazi dute neurri horiek hartuz gero atzera egingo dela giza eskubideen arloan.

Espainiako Estatuko haur transen gurasoen elkarteek sinatutako ohar batean, oroitarazi dute Alberto Nuñez Feijoo PPko buruak «fribolitatetzat» jo duela erregistro zibilean norbere sexu aipamena hautatzeko modua izatea. «Erregistro zibilean gizon edo emakume gisa aitortua izateko aukera sanchismoaren fribolitate bat da», adierazi zuen azaroaren 9an Cuatro telebista katean egindako elkarrizketa batean. Horren harira, transen gurasoek ohartarazi dute adierazpen horiek eragina dutela milaka pertsonaren eskubideetan, duintasunean eta egunerokoan. Naizen Adingabe Transexualen Gurasoen Elkartea dago oharraren sinatzaileen artean.

Alderdi Popularraren arabera, «sexua erabakitzeko aukera debekatuta», adingabeak eta haien segurtasun juridikoa «babestea» dute jomugan. Elkarte horretako kideek, ordea, nabarmendu dute beren senideak ez direla ez ideologia bat ezta probetxu politikoa lortzeko tresna bat ere.

Trans legea —ofizialki, Transen Berdintasun Erreal eta Efektiborako eta LGTBI Jendearen Eskubideak Bermatzeko Legea— 2023an onartu zuten. Eta, haren 44. artikuluaren arabera, erregistroan sexu aipamena aldatzeko ez da beharrezkoa txosten medikoak aurkeztea, ezta gorputzean aldaketak egin izana ziurtatzea ere. Bada, PPk atzera egin nahi du. Eta, Donald Trump AEBetako presidentearen diskurtsoa bereganatuta, gaineratu dute emakume transei debekatu egingo dietela emakumeen kirol kategorian lehiatzea.

Eutanasia eta abortua

PPren programan ez dira zuzenean aipatzen ez eutanasia ez abortua, baina aditzera eman du bien aurkako jarrera hartuko duela. Programan, esaterako, zaintza aringarrien inguruko puntu bat dago. Agindu dute zaintza aringarrien inguruko lege bat onartuko dutela, «alternatiba faltagatik inor ez dadin bultzatua izan heriotza aurreratzera».

Abortua ere ez dute zuzenean aipatzen, baina zin egin dute laguntza emango diotela ama izan nahi duen emakume orori. Ziurtatu dute familientzako laguntzak banatzeko orduan kontuan hartuko dituztela «jaio gabeko haurrak» ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA