GERNIKAKO ESTATUTUA

Transferentzien egutegia betetzeko konpromisoa azaldu du Madrilek

Bihar, Olatz Garamendi Autogobernu sailburua batzartuko da Miquel Iceta Espainiako Lurralde Antolaketa ministroarekin.

Carmen Calvo, Pedro Sanchez eta Aitor Esteban, Espainiako Kongresuko korridoreetan, otsailaren 3an. CHEMA MOYA / EFE
jon olano
2021eko martxoaren 2a
10:19
Entzun

Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua harremanak ugaritzen ari dira azken egunetan, Gernikako Estatutuan jasota baina oraindik eskualdatzeko dauden eskumenak transferitzeko. Bide horretan, gaur bildu dira Josu Erkoreka Jaurlaritzako lehen lehendakariorde eta Segurtasun sailburua eta Carmen Calvo Espainiako Gobernuko presidenteordea, Moncloan. Bilkuran, Calvok konpromisoa hartu du Gernikako Estatutuaren «garapenean aurrera egiteko engaiamendu instituzionala betetzeko» eta eskualdatzeke dauden eskumenen kronograma» konplitzeko. Bilera «sintonia eta erabateko lankidetza instituzionaleko giroan» egin dute.

Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua urtarrilaren 25ean batzartu ziren Madrilen, eta bertan adostu zuten eskumenen transferentziari buruzko elkarrizketak lehendakariordeen esku uztea; horren segida da gaurko bilera.

Calvoren eta Erkorekaren artekoa ez da, ordea, bi gobernuek aste honetan egingo duten azken bilera izango. Bihar 10:00etan biltzekoak dira Olatz Garamendi Jaurlaritzako Autogobernu sailburua eta Miquel Iceta Espainiako Lurralde Antolaketako ministroa. Aurreko astean, berriz, Erkoreka bera batzartu zen Fernando Grande-Marlaska Espainiako Barne ministroarekin batzartu zena.

Gobernu kontseilu osteko agerraldian, Garamendik azaldu du ez dagoela aparteko «oztoporik» espetxe eskumenari buruzko elkarrizketetan, baina «bide luzeko negoziazioa» dela, «landu beharreko gai asko» daudelako. Era berean, azaldu du Icetarekin bihar egitekoa den bileran asmoa daukala «eskumen ahalik eta gehienen» transferentziaz hitz egiteko; lehen blokeari nahiz hurrengoei dagozkienak.

 Garamendi baikor agertu da biharko bilkurari begira, baina uste du «ausarta» litzatekeela esatea biharko bilerak balioko duela eskumenaren eskualdaketa ixteko.

Abenduaren 30ean, Jaurlaritzak jakinarazi zuen bi gobernuek aurrerapausoak eman zituztela eskumen hori eskualdatzeko, eta zirriborro bat adostua zutela. Espainiako Gobernuak 1979ko estatutuan jasota baina oraindik eskualdatu gabe dauden eskumenak transferitzeko egutegia eguneratu zuen, urrian, eta proposamen berria igorri zion Eusko Jaurlaritzari. Plan berriaren arabera, bi gobernuek martxorako itxiko dituzte bigarren blokeari buruzko elkarrizketak: besteak beste, espetxeetako eskumena dago zerrenda horretan.

Urriko egutegiaren arabera, 11 eskumen eskualdatu beharko lituzkete hilabete honetarako: besteak beste, espetxeen kudeaketa, aseguruak, segurtasuneko zerbitzu pribatuak, meteorologia, nekazaritza aseguruak, errepideko garraioa eta itsasertzaren antolamendua eta kudeaketa.

Espetxe eredua nola diseinatu

Hori horrela, espero da datozen egunetan ixtea espetxeen eskumenari buruzko akordioa. Hortik aurrera, eskumen horiek nola gauzatu izan beharko luke eman beharreko hurrengo pausoa. Alde horretatik, Eusko Legebiltzarrak joan den astean Eusko Jaurlaritzari eskatu zion, akordioa lortzen denean, hitzarmen hori parlamentuaren esku utz dezala, gaiaz eztabaidatu ahal izateko. Beste eskari bat ere egin zion: «Transferentzia gauzatu ondoren, 2019ko martxoaren 13ko osoko bilkura monografikoan onartutako ebazpen proposamenak oinarri izan daitezela Euskadin ezarri beharreko espetxe eredua definitzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.