«Trantsizio harmoniatsua» irudikatu nahi izan du EAJk, Donostiako alkate Eneko Goiak alkatetza utziko duela jakinarazi eta biharamunean, haren lekukoa hartzeko Jon Insausti Maisterrena aurkeztu duenean. Donostiako Parte Zaharrean egin dute agerraldia, Zuloaga plazan, «kalera jaitsita», Insaustik hitza hartu duenean esan duenez. Jarraitutasun trantsizio bat irudikatu nahi izan badute ere, lehenengo egunetik beste irudi bat islatu nahi izan du Insaustik, «hazi eta hezi zen tokian» eginda bere lehen agerraldia, eta herritarrengandik gertu egongo direla adierazita, gertutasun hori berreskuratu beharko balitz bezala. Hainbat alderdikide eta herritar bildu dira agerraldian.
11:00etan hastekoa zen jendaurreko ekitaldia, eta, hamar minutu falta zirela, EAJren zinegotzi taldea jarria zen dagoeneko mintzalekuaren albo batera, Goia eta Insaustiren faltan. 11:00ak jota azaldu da agerlekura Insausti, alboetan Eider Mendoza Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Euge Arrizabalaga EAJren GBB Gipuzko Buru Batzarreko lehendakaria zituela. Arrizabalagaren beste aldean zegoen Goia.
Arrizabalagak Goiari eskerrak emanez hasi du hitzaldia. «Lan asko eta ona» egin duela adierazi du. «Duela hamar urte donostiarrek erabaki zuten hiriak bizi zuen zatiketa eta paralisi egoera hari konponbidea emateko Eneko Goia izatea Donostiako alkate, eta, harrezkero, donostiarrek beste bitan berretsi dute alkate bezala». EAJren boto galera handituz joan da, ordea; izan ere, azken bozetan, 2019tik 2023ra %35etik %28ra apaldu da EAJren babesa, eta EH Bildurena eta PSE-EErena, aldiz, handitu.
«Enekok asmatu du donostiarren oraingo beharrei erantzunak emateko orduan, eta, era berean, oinarri sendoak eraiki ditu Donostiak etorkizun oparo bat izan dezan»
EUGE ARRIZABALAGA EAJren GBBko burua
Arrizabalagak gaineratu duenez, «Enekok asmatu du donostiarren oraingo beharrei erantzunak emateko orduan, eta, era berean, oinarri sendoak eraiki ditu Donostiak etorkizun oparo bat izan dezan. Beraz, benetan eskerrak ematen dizkiogu dedikazio nekaezinagatik, lorpenak asko izan direlako». Goiak abiatutako egitasmo asko amaitzeko daudela utziko du alkatetza, «eskuzabal» jokatzeagatik ere eman dizkio eskerrak Arrizabalagak, hark «egindako lan asko inauguratzear daudenean prest azaldu delako erreleboa emateko, hiriarentzako onena izango delako». Joseba Egibar GBBko buru ohiak hasi du orduan txalo sorta, eta harekin bat egin dute gerturatutako alderdikideek.
Erreleboa «naturaltasunez»
Behin Goiari esker ona azalduta, Insaustiren aurkezpena egin du Arrizabalagak: «Donostiar euskaldun peto-petoa da, hiria sakon ezagutzen du, eta udal jardueran eskarmentu handia. Gaitasuna, gogoa, gaztetasuna, jasotako oinordetza eta EAJk eskaintzen duen proiektu berritzailea ederki ordezkatzen ditu». Azpimarratu nahi izan du erreleboa «naturaltasunez, harmonia onean eta adostuta egin dela»; bertaratutako batek, berriz, ahapeka esan du «gogorra eta tentsio handikoa» ere izan dela, «nahiz eta orain oso pozik dauden».
Insaustiri tokatuko zaizkion lanen zerrendan honako hauek aipatu ditu: topoaren inaugurazioa eta Loiolako etxe babestuei «bultzada ematea». «Hiribururik euskaldunenean euskara eta euskal kultura sustatzen segitu beharko du, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin eta euskalgintzarekin elkarlanean», gaineratu du Arrizabalagak. Baina gaztelania giroa zen nagusi agerraldian, Donostiako EAJren zinegotzi taldetik hasita.
Insausti Goiarekin batera sartu zen udaletxean, eta hamar urteko bidea egin du. «Uste ona daukagu zugan», amaitu du Arrizabalagak, ea «Aupa Jon!» bat entzun da gero, bildutakoen artetik.
Irribarrea galdu gabe egon da Insausti agerraldi osoan, eta hunkituta dagoela adierazi du hitza hartu duenean.
Esker ona adierazi dio alderdiari, harengan konfiantza jartzeagatik, eta baita Mendozari ere: «Europako lurralderik aurreratuena bihurtu nahi dugu, eta udala eta diputazioa dupla indartsua dira horretarako».
«Hemen hasi zen guztia. Auzo honetan erakutsi zidaten amak eta aitak zer zen donostiar ona izatea, komunitatea zaintzea. Donostia Parte Zaharretik eraiki daitekeela ikasi nuen»
JON INSAUSTI EAJren Donostiarako alkategaia
Goiaren «legatua» goraipatu du. «Denborak hitz egingo du, eta erakutsiko digu Goiak utzitako legatua oso handia dela». Egibarrek hasi du berriz ere txalo sorta, eta bertaratutakoek segitu diote.
«Kalera jaitsi»
Insaustik eskerrak eman ditu belaunaldi berri baten eskuetan uzteagatik ardura. Etxebizitza, segurtasuna eta zaintza aipatu ditu lehentasunen artean, «eta hori kalea zapalduz egingo dugu, horregatik jaitsi gara gaur kalera. Hemen hasi zen guztia. Auzo honetan erakutsi zidaten amak eta aitak zer zen donostiar ona izatea, komunitatea zaintzea. Donostia Parte Zaharretik eraiki daitekeela ikasi nuen». Orain Altzan bizi dela gaineratu du gero.
Eskerrak emanez amaitu du agerraldia, eta han bildutakoek Insausti besarkatzera jo dute gero.
Urriaren 15ean izango da Donostiako politika orokorrari buruzko eztabaida, eta, biharamunean, hilaren 16an utziko du kargua Goiak. Ukoaren ostean aurkeztuko du EAJk Insausti lekukoa hartzeko, eta hurrengo udal hauteskundeetara arte hartuko du alkatetza. Hurrengo bozetan EAJren hautagaia izango dela ere berretsi dute.