Trapezistak programa abiatu du Jaurlaritzak, sendirik ez duten gazteak gizarteratzeko

Migratzaileak dira erabiltzaile gehienak: trebakuntza, enplegu, etxebizitza eta komunitate alorretan emango diete laguntza, gizarte bazterketatik ateratzeko

Trapezista baten ikuskizuna izan zen atzo Zirkozaurren, programaren aurkezpenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Familia sarerik ez duten gazteei laguntzeko, Trapezistak programa abiatu du Eusko Jaurlaritzak. Migratzaileak dira gehienak, adingabe izanda iritsitakoak asko, eta kalean bizitakoak. Gizarte bazterketatik ateratzeko tresnak eskainiko dizkie programak: trebakuntza, lana aurkitzeko bitartekaritza, babes psikosoziala eta harrera baliabideetatik kanpo bizitokia aurkitzeko laguntza. Jada 18 eta 25 urte bitarteko 115 lagun ari dira egitasmoan parte hartzen: 112 gizon eta hiru emakume.

Zirkozaurren aurkeztu zuten atzo programa, «orekari ariketak» egiteko toki batean, «gazte hauek egin duten bezala», Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak adierazi zuenez: «Abiatu duten bide honek kaletik aterako ditu, aterpe bat emango die, eta trebatzen lagunduko die, helduen bizimoduan berme guztiekin sartzeko». Sailburuak ohartarazi du «lana eta ahalegin handiak» egin beharko dituztela gazteek: «Baina esperientziak diosku aurrera egitea lortzen dutela sostengua badute». Izatez, Artolazabalek emandako datuen arabera, egun programan daudenen %10ek urtebeteko lan kontratua lortu dute lanaldi osoan, eta gainerakoak hori lortzeko prozesuan daude; 46 gazte lan praktikak egiten ari dira.

Sailburuak azaldu duenez, konfinamenduak erakutsi zien arazoaren benetako dimentsioa: etxegabeentzako bizitokia bilatzen ari zirenean, ehun bat gazte migratzaile identifikatu zituzten egoera horretan. «Guk uste baino gehiago, eta oso egoera zaurgarrian». Lehen Urratsa programa abiatu zuen Jaurlaritzak orduan, eta horren jarraipena da Trapezistak: «Egiturazkoa izango da sailean».

Halere, programa horretan parte hartzeko baldintzak betetzen ez dituztenentzat, beste egitasmo bat jarri dute: Irauli. «Trapezistek betebehar eta konpromiso batzuk hartu behar dituzte, eta denak ez daude prestatuta horretarako. Erdibideko pauso bat da Irauli, esku hartze handiagoa behar duten gazteentzat», azaldu du Artolazabalek. Eta bestelako oztopoak ere badaudela erantsi du. Espainiako Gobernuak atzerritarren araudian eginiko azken aldaketek gutxitu egin dituzte gazteok lan merkatuan sartzeko eskakizunak, baina hobekuntza horiek ez dira nahikoak: «Burokrazia politikoarekin topo egiten dute oraindik. Ehuneko txiki batek erregularizatu du bere egoera, itxarote epeen eta migrazio tramiteen zailtasunen ondorioz».

Gazteentzako politiketan

Oraingoz, Bizkaian eta Gipuzkoan abiarazi dute egitasmoa, hamazazpi entitateren laguntzarekin. Agintzari da horietako bat; Unai Zabala koordinatzaileak nabarmendu du gazteek «ibilbide pertsonalizatua» egin ahal izango dutela, «pertsona bakoitza erdigunean jarrita», eta euren «eskubideen eta betebeharren inguruko akordio bat» sinatuta. Gizarte eta hezkuntza esparruak uztartu izana txalotu du: «Formakuntza garrantzitsua da, baina sarea ere eraiki behar da gazteen inguruan: gogora ekartzekoa da ez dutela familiarik». Horren adibide gisa jarri du bizitoki komunitarioen alorra: «Joera izan dugu gazteak ghettoetan sartzeko, baina zergatik ezin dira bizi hemengo unibertsitate ikasle batekin?».

Bide horretatik, Xabier Legarreta Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak azpimarratu du «politika normalizatuetan» txertatu dutela Trapezistak: «Bazterketa arriskuan dadenen arretatik atera, eta gazteen emantzipazioaren eta migrazioen esparruan sartu dugu». Egitasmoa «estrategikotzat» jo du, eta horren seinale, aurrekontua: «2023an lau milioi euro inguru jartzeko konpromisoa hartu dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.