Trebiñu administratiboki Araba izateko beste saiakera bat abiatu dute Argantzongo eta Trebiñuko zenbait zinegotzik. Agrupacion Independiente Condado de Treviño, EAJ eta EH Bilduko zinegotziek bat egin dute, eta Trebiñuko Enklabea Araban Integratzeko Mahaia sortu dute. Gaur goizean irudikatu dute fundazioa, taldearen lan dinamikak eta helburuak zehazten dituen dokumentua sinatuta. Trebiñuko Kale Nagusian egin dute agerraldia. AICTko Yolanda Urarte eta David Dulanto, EAJko Eulalia Salmon eta Arantza Iartza eta EH Bilduko Pablo Ortiz de Latierro eta Ritxar Astegieta izan dira sinatzaileak.
Trebiñu administratiboki Araba bilakatzeko auzia geldi dagoela sumatu dute, eta «beste bultzada bat» eman nahi diote. Gaztela eta Leongo gobernuaren eta Burgosko diputazioaren ekintza faltarekin nekatuta, egoera gainditzeko «urrats sendoak» iragarri dituzte. Ez dute beste xehetasunik eman.
Egin beharreko lehen lana bide orri bat zehaztea izango dela esan du Ortiz de Latierrok. Bi udalerrien arteko lankidetza «artikulatu eta optimizatu» nahi dute, eta herritarren aktibazioa eta parte hartzea izango dituzte helburu. Halaber, auzian inplikatutako eragile «guztien» arteko elkarrizketa «koordinatua» sustatuko dute.
Gainerako alderdi politikoei dinamikara batzeko deia egin diete. Martxoan hasi ziren elkartzen, eta, aitortu dutenez, Treviño Dia a Dia eta Alderdi Popularrari ere gonbita egin zieten, baina ez dute erantzunik jaso. Trebiñuko udalbatzan bost ordezkari dituzte bi taldeen artean, eta alkate makila TDDko Adolfo Estabillok du. Argantzongo zazpi zinegotziak EAJren (lau) eta EH Bilduren (hiru) artean daude banatuta.
Etorkizunean TDD mahaiaren parte izatea desiratu du Ortiz de Latierrok, azken udal hauteskundeetako programan integrazioaren alde egin zutelako. Are, trebiñarren eta argantzondarren gehiengoaren nahia hori dela esan du, datu zehatzik eman gabe. Hauteskundeetako emaitzak erabili ditu herritarrak integrazioaren alde daudela ondorioztatzeko.
Arabako Foru Aldundia, «bidelagun»
Arabako Foru Aldundiarekin ere zubiak eraiki nahi dituzte. Ortiz de Latierrok gogorarazi du harremana badutela dagoeneko, jeltzaleek eta subiranistek bi erakundeetan dutelako ordezkaritza. Maiatzeko batzar orokorrean Trebiñu Araban integratzeko mozioa onartu zen, gainera.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak ongietorria eman dio mahaiari, gaur kazetarien aurrean egindako adierazpenetan. Ekinaldi «oso garrantzitsua» dela adierazi du, muinean Trebiñuko herritarrak daudelako. Gonzalezen ustez, «garrantzitsuena» Trebiñuko herritarren nahia da, eta esan du eurei dagokiela «urrats erabakigarriak» gauzatzea.
Trebiñuko bi udalerrietako hautetsien parte hartzea ere txalotu du, eta Arabako Foru Aldundia «bidelagun» izango dela gaineratu. «Garai egokia da integrazioaren bideari berriro ekiteko», esan du.
Eragozpenak, egOera «arkaikoagatik»
Mahaiak ezarritako beste helburu bat honako hau izango da: «Egungo administrazio egoera arkaikoak eragindako mota guztietako bidegabekeriak aztertzea». Kontatu dutenez, egunerokoa zaildu egiten zaie administratiboki arabarrak ez izateagatik. Esaterako, zenbaitetan, Burgos edo Salamancara (Espainia) joan behar dute mediku espezialista batek artatu ditzan; Osakidetzak dio Araban erroldatuta ez daudenez dagokien medikua ehunka kilometrora dagoela, Gasteizen egon beharrean. Gainera, botikak erosteko zailtasunak izaten dituzte, Osakidetzak emandako errezetak soilik Araban erabili daitezke eta; kontrara, Espainian jaulkitako errezetek ez dute baliorik euskal sisteman. Antzeko zerbait gertatzen zaie ikasteko ere. Salatu dute ezin dutela EHUren bekarik lortu, ez daudelako Araban erroldatuta.