Eskaera beste behin berretsi dute Arabako Batzar Nagusiek: Trebiñu Arabara batu behar da. EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Elkarrekin Arabak erdibideko zuzenketa bat adostu dute iaz egindako eskaera berresteko: «Arabako Batzar Nagusiek babesa eta laguntzeko prestasuna adierazten dizkiete Trebiñutik enklabe ori Araban integratzeko egin daitezkeen ekinbide instituzional eta herritar guztiei». 2029rako enklabea lurraldearen parte izatea nahi dute.
EAJk eta EH Bilduk auziaren inguruko mozio bana aurkeztu zuten Batzar Nagusietan, baina, azkenean, hala alderdi horiek nola PSEk eta Elkarrekin-ek erdibideko testu bat adostu dute. Sei puntu ditu, eta oinarrian, iaz sinatu zuten adierazpena berretsi eta gaurkotzea du helburu. Hala, Trebiñutik bertatik sustatu daitezkeen ekinaldiak babesteko borondatea azaltzeaz gain, Arabako Foru Aldundiari eskatu diote gauza bera egiteko, «deskalifikazio posibleei» aurre egiteko.
Mozioaren arabera, Trebiñuk bizi duen egoera «ezohikoa eta anakronikoa» da, eta «berehala» eman behar zaio aterabide bat, Arabako eta Burgosko aldundien arteko hitzarmena iraungi aurretik; hau da, 2029a baino lehen. Horretarako, lau alderdiek ezinbestekotzat jo dute indarrean dauden hitzarmenak «behin-behinekotzat» jotzea, eta «behin betiko konponbide bat» topatzeko lan egitea. Konponbide horren xedea «legalki eta herritarren borondatea errespetatuz» Trebiñu Araban txertatzea litzateke.
Lehenago egindako eskaerak berresteko ez ezik, Arabako Batzar Nagusiek Burgosko Diputazioko presidente Borja Suarezek esandakoen kontra egiteko ere baliatu dute mozioa. Iazko azaroan, Suarezek adierazi zuen Araba lurralde «pribilegioduna» dela, eta foruak «anakronikotzat» jo. Mozioa onartu duten alderdien esanetan, baina, ez daude «eskubide historikoen eta euskal autogobernuaren kontrako adierazpenak» onartzeko prest.
EH Bilduko eledun Eva Lopez de Arroiabek ontzat jo du mozioa, eta hartan idatzitakoa praktikara eramatea defendatu. Uste du «aukera politikoaren leihoa» irekita dagoela, eta hura aprobetxatu behar dela, herritarrei hitza emanda. Hala, mozioan baino gogorrago mintzatu da Lopez Arroiabe Suarezen kontra, eta egotzi dio Trebiñuko herritarrek «beren etorkizuna libreki eta demokratikoki erabaki ahal izatearen» kontra egotea: «Hitzarmenak mugarik gabe iraunarazi nahi dituztenek enklabean dagoen sakoneko eta egiturazko arazoa gehiago enkistatu nahi dute».
Mozioak ez du Batzar Nagusietan amaituko bidea. Lau alderdiek adostu dute hura Espainiako Kongresura, Eusko Jaurlaritzara, Gaztela eta Leongo Gobernura eta Burgosko Diputaziora bidaltzea, baita Trebiñuko eta Argantzongo udaletara ere.