Trebiñuko eta Argantzungo udalek Burgostik bereizi eta Arabara batzeko egindako eskaerari ezezkoa eman zion atzo Burgosko diputazioak, gehiengoz. Bi udalerrietako udalbatzek martxoan onartu zituzten Araban sartzeko mozioak, eta eskaera horien aurka agertu ziren PPko eta PSOEko diputatuak. UPDko ordezkariak bat egin zuen udalerrien nahiarekin.
Ezohiko osoko bilkuran hartu zuen erabakia Burgosko diputazioak. Zehazki, Gaztela eta Leongo gobernuak Trebiñuko aferaren inguruan egindako txostena eztabaidatu eta bozkatu zutenplenoan. Izan ere, Trebiñuko eta Argantzungo udalek Burgostik bereizteko mozioak onartu zituztenean, Gaztela eta Leongo gobernuak txostena egiteko eskatu zion Burgosko Unibertsitateari eta historia eta arte ederretako erakunde bati. Gaztela eta Leongo gobernuak atzo eman zuen txostenaren berri, eta, horren arabera, Trebiñu Arabara batzeko eskaerak «ez du oinarri juridiko eta historikorik», konderriaren eta Burgosen arteko loturak «ukaezinak» direlako.
Txosten hori hizpide hartuta, eztabaida sutsua egon zen atzo Burgosko diputazioko ezohiko bilkuran. Besteak beste, UPDko diputatu Maria Rosario Perezek Trebiñuko udalerrien eskaeraren alde egin izanak piztu zuen polemika. UPDkoa konderrien auziari konponbidea ematearen alde agertu zen, eta, horretarako, legedian aldaketak egiteko eskatu zuen. Haren ustez, Trebiñuko auziaren muinean «kupoaren afera» dago, horrek erkidegoek eskaintzen dituzten zerbitzuetan desberdintasunak sortzen dituztelako.
PSOEko diputatu Jose Maria Jimenezen arabera, ezinbestekoa da Gaztela eta Leongo estatutuan aldaketak egitea, baina, horretarako, Espainian eztabaida zabaldu beharko litzateke. Hala ere, Trebiñuko udalerrien eskaeren oinarrian «ideologia abertzalea» egotea gaitzetsi zuen. Borja Suarez PPko ordezkariak gogor kritikatu zuen Trebiñuk Arabara batu nahi izatea: «Trebiñarrek duten erabakitzeko eskubidearen muga legedia bera da». Haren ustez, Trebiñuko eskaerak ez du oinarri historikorik, eta, beraz, ezin izango da bereizteko prozedurarik abiatu.
Trebiñu Arabara batzeko eskaerari ezezkoa eman dio berriro Burgosek
Trebiñu Burgostik bereiztearen aurkako txostena babestu dute PPk eta PSOEk, eta aurka bozkatu du UPDk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu