Trebiñun euskararen irakaskuntza sustatzeko bermeak eta neurriak eskatu dituzte

Trebiñun euskara bultzatzeko egitasmoak eskatu dituzte, bereziki euskarazko irakaskuntzari lotuta; euskarazko irakaskuntzarako «oztopoak» ezabatzea nahi dute. Eskaerak Espainiako Gobernuari eta Gaztela eta Leongo Juntari helaraziko dizkiete.

Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren agerraldia, atzo, Trebiñun. HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren agerraldia, atzo, Trebiñun. HIZKUNTZ ESKUBIDEEN BEHATOKIA
Irati Urdalleta Lete.
2026ko apirilaren 14a
09:49
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trebiñu Gaztela eta Leongo administraziopean dago, eta, ondorioz, euskara ez da ofiziala. Atzo Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin zuen bertako herritarrek ere euskaraz bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatzeko: «Euskara ikasteko eta euskaraz ikasteko, euskaraz lan egiteko eta aisiaz euskaraz gozatzeko eskubidea nahi dugu». Euskara Trebiñuko «berezko hizkuntza» izanagatik ere, salatu zuten Gaztela eta Leongo administrazioek behin eta berriro gogorarazten dietela Trebiñun euskara ez dela ofiziala: «Zapaltzen dugun lurraldean euskarari ez diote aitortzarik txikiena ere ematen, eta gure oraina eta etorkizuna gaztelaniaz marraztu nahi dituzte».

Bereziki euskarazko irakaskuntza izan dute hizpide. Haur eskolan sorreratik euskarazko lerroa egon bada ere, haur eskola Gaztela eta Leongo Juntaren sarean sartzeko hitzarmena onartu zuen urrian Trebiñuko Udalak. «Printzipioz lerroa mantentzen den arren, ez dakigu etorkizunean nola eragingo dion honek guztiak haur eskolako euskararen irakaskuntzari». Gainera, gogorarazi dutenez, ikastetxe publikoan ez dago euskaraz ikasteko aukerarik. Egun, beraz, Argantzon ikastolan soilik eskaintzen dute euskarazko murgiltzea. Baina: «Inguruan euskarazko ereduan ikasteko dagoen ikastola bakarra ere ezin izan da Trebiñun errotu, horretarako baldintzarik ez zutelako ezartzen».

Horiek horrela, salatu dute Gaztela eta Leongo administrazioetatik ez dutela euskararen irakaskuntza bultzatzeko edo euskarazko egitasmoak sustatzeko «inongo neurririk» hartzen: «Gogorarazi nahi dugu Espainiako Gobernuak sinatua eta berretsia duela Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna, eta, beraz, horrekiko hartutako konpromisoak Gaztela eta Leongo administrazioek ere bete beharko lituzketela. Beraz, une honetan administrazio horren pean egon eta lurraldean euskara ofiziala izan ez arren, Europako Gutunaren printzipioei jarraikiz, Gaztela eta Leongo administrazioek euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzeko neurriak hartzeko betebeharra dute».

Eskaera zehatzak

Horiek horrela, Trebiñuk Gaztela eta Leongo administrazioen mende jarraitu bitartean, lau eskaera zehatz egin dituzte. Bat: Hizkuntzen Europako Gutunean jasotakoei jarraikiz, «euskarari dagozkion konpromisoak» hartzea. Bi: Trebiñuko konderrian euskara sustatzeko egitasmoak bultzatzea eta finantzatzea. Hiru: Gaztela eta Leongo Juntako Hezkuntza Departamentuaren gestiopean geratu den Trebiñuko haur eskolan behar diren zerbitzu eta baliabide pertsonal zein material guztiak euskaraz behar bezala bermatzea. Eta lau: Euskarazko irakaskuntzako «oztopoak ezabatzea», eta helduen euskalduntzea bultzatzen duten egitasmoak eta ikastaroak bultzatzea eta laguntzea.

Jakinarazi dutenez, eskaera horiek guztiak Espainiako Gobernuko Kultura ministroari eta laster izendatuko dituzten —martxoaren 15ean egin zituzten hauteskundeak Gaztela eta Leonen— Gaztela eta Leongo Juntako Kultura Politiketako zuzendariari eta Hezkuntza kontseilariari helaraziko dizkiote.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA