Trebiñun herri galdeketa egiteari bide eman diezaiola eskatu dio EAJk Espainiari

Herritarren ahotsa entzun beharko litzakeela esan du Aitor Estebanek, «arabar izateko duten nahia» bete dadin. Gaiaren inguruko galdera egingo du Espainiako Kongresuan.

Burgosko administrazioaren esku dago Trebiñu, nahiz eta Arabako erdialdean egon. RAUL BOGAJO / FOKU
Burgosko administrazioaren esku dago Trebiñu, nahiz eta Arabako erdialdean egon. RAUL BOGAJO / FOKU
2026ko apirilaren 18a
16:47
Entzun 00:00:00 00:00:00

Trebiñuk bere egoera administratiboaren inguruko herri galdeketa egiteko duen eskubidea aldarrikatu du Aitor Esteban Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. EAJko burua Trebiñu Egunean izan da gaur, Argantzonen, eta mezu zuzena bidali dio Pedro Sanchez Espainiako presidenteari. «Busti» dadila esan dio, Trebiñuko herritarren egoera «onartezina» delako, eta zentzurik eta logikarik gabeko egoera administratibo batean bizi direlako. 

Trebiñu Egunean, herritarrek adierazi dute Gaztela eta Leon Espainiako erkidego autonomoko biztanle izateari utzi nahi diotela, eta Arabaren parte izan nahi dutela. Estebanek nabarmendu du EAJk bat egiten duela eskaera horrekin, baina hori ez dela garrantzitsuena, galdeketa bultzatzeko arrazoi nagusia Trebiñuko herritarren nahia betetzea dela. 

«Trebiñuren eta haien herritarren egoerak ez du zentzurik. Arabaren bihotzean dago, Gasteiztik kilometro oso gutxira, eta herritarrek oso argi dute zer nahi duten; hala ere, egoera hauetara bultzatzea logikaren aurkakoa da», kritikatu du buruzagi jeltzaleak.

«Ikusi beharko da demokraziaren balioak hainbeste aldarrikatzen dituen gobernu batek Trebiñuren auzian maila ematen duen ala ez»

AITOR ESTEBAN EBBko presidentea

EAJk auzia berriz ere Madrilera eramango du, eta Espainiako Gobernuari galdera egingo dio iritzia eman dezan, eta «busti» dadin. Baina horrez gain, udalen ekinaldia dago, eta Espainiako Gobernuak herri galdeketa baimendu dezala eskatu du, Estebanen hitzetan «hori baita beti aurrean izan dugun horma».

Eta zeinek altxatu zuen horma hori? «PPk eta PSOEk», zehaztu du, «eskaeraren lehen pausoetatik hasita». Gogoratu du legezko bidea egingarria dela, aurretik urratu izan dela, baina Espainiako Auzitegi Konstituzionalak arrazoi bat «asmatu» zuela atea ixteko. Gauzak hala, gehitu du lagungarria litzatekeela Gaztela eta Leongo Gorteek eskaera onartzea.

Trebiñu Araban integratzearen aldeko protesta, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Trebiñu Araban integratzearen aldeko protesta, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU

Horretarako Gaztela eta Leongo instituzioei eta Eusko Jaurlaritzari egin die dei, uler dezaten XXI. mendean horrelako eskakizun bat ezin dela blokeatu. Alde horretatik, nabarmendu du Trebiñuk bizi duen «zentzugabekeriaren» arrazoi nagusia ez dela marko legala, baizik eta «PP eta PSOE eskaerei entzungor egiten tematzen direla».

Korapiloa askatze aldera, ondorioztatu du gora begiratu beharra dagoela, hala PSOEn, nola Espainiako Gobernuan, eta Sanchez xaxatu du hori lortzeko asmotan: «Ikusi beharko da demokraziaren balioak hainbeste aldarrikatzen dituen gobernu batek auzi honetan maila ematen duen ala ez». 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA