Nafarroako AHT abiadura handiko trena eta euskal Y-a nondik lotuko diren oraindik erabakita ez dagoen honetan, Nafarroako eta Arabako hemezortzi udalerrik eskatu dute azter dadila «nola» lotuko diren ere. Horretarako, EH Bilduk adierazi duenez, Espainiako Garraioko, Mugikortasuneko eta Hiri Agendako Ministerioari eskatu diote aintzat har dezala tren publiko eta sozialaren aldeko plataformak landu duen alternatiba, eta jar ditzala behar diren baliabideak, alternatiba hori «beharrezko berme tekniko guztiekin» aztertu ahal izateko.
Araban Agurain, Asparrena, Dulantzi, Barrundia, Iruraiz-Gauna, Donemiliaga, Zalduondo eta Erriberagoitia udalerriek egin dute eskari hori, eta Nafarroan, berriz, Arakil, Lakuntza, Irurtzun, Uharte Arakil, Arbizu, Etxarri Aranaz, Bakaiku, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordia udalerriek. Hain zuzen ere, gaur egun Gasteiztik Iruñera doan trenak egiten duen bidean daude herri horiek; ez hori bakarrik, AHTaren Nafarroako zatia eta euskal Y-a lotzeko mahai gainean dauden bi aukeretako baten bidean ere badaude.
Udal ordezkariek nabarmendu dute azken hilabeteetako eztabaida nagusia zera izan dela, bi trenbideen arteko lotura nondik egingo den, eta ez horrenbeste nola egingo den lotura hori. Mahai gainean dauden aukeretako baten arabera, Aralartik lotu nahi dituzte bi sareak, hainbat tunel eginda, eta, beste aukeran, asmoa da egungo trenbidearen trazatu antzekoarekin Iruñea eta Gasteiz lotzea, baina burdinbide paralelo eta independente bat eraikita. Tren publiko eta sozialaren aldeko plataformak beste alternatiba bat aurkeztu zuen, hainbat bide ingeniarik egina, eta proposatu zuten Gasteiz eta Iruñe arteko egungo trenbidea moldatzea. Aukera hori gauzatuz gero, bidaia denborak pixka bat luzatuko lirateke, baina garrantzia emango litzaieke tarteko geralekuei ere.
Izan ere, gaur egungo trena gutxi erabiltzen da, zerbitzuen maiztasuna urria delako batez ere. Alternatiba landu duten bide ingeniarietako bat Kimetz Munitxa da, eta iaz BERRIAri emandako elkarrizketa batean gogorarazi zuen egun bultzatzen den AHT eredua hiriburuen arteko konexioetan zentratzen dela, baina ahaztu egiten duela herrien arteko konexioa. Nabarmendu zuen biztanleriaren %1 besterik ez dela hiriburuen arteko bidaiak maiz egiten dituena.
Hori dela eta, udalerriek adierazi dute badagoela aukera bat «aldiriko trena, zerbitzu azkarra eta salgaien garraioa» bermatuko dituena: egungo trenbidea modernizatzea. Udalerrien ustez, abantaila ugari ditu hori egiteak: kostu txikiagoa izatea, hiriburuak «denbora lehiakorretan» lotzea, eta kalitatezko tren publiko eta soziala eskaintzea, «tokiko geraleku eta geltoki berriekin». Honela ondorioztatu dute: «Abiadura handiko trenaren plataforma berri batek hiriburuak baino ez lituzke lotuko, herriak erabat baztertuta, eta ezingo luke merkantziarik garraiatu; beraz, ingurumenean kalte handiak eragingo lituzke, eta izugarrizko diru xahutzea eragin».