EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Eusko Jaurlaritzako Lan Sailak ezarritako %60 eta %70eko gutxieneko zerbitzuak atzera bota ostean, gaur, San Tomas egunarekin, greba egingo dute Bilboko Metroko langileek. Gutxieneko zerbitzuak lanegun arrunt bateko %48 izango dira azkenean. Metroko zuzendaritzak segurtasun neurriak areagotuko ditu gaur. «Auzitegiaren ebazpenak horretara behartzen gaitu. Gerta daiteke egunean geltoki batzuk itxi behar izatea. Erabiltzaileei barkamena eskatzen diegu, eta eskatu nahiko genieke, halaber, kasu egiteko segurtasun langileen agindu eta gomendioei». Bart erabakitzeke zeuden zein tren ibiliko ziren. Dena den, zuzendaritzak jakitera eman zuen Athleticen partida dela-eta 00:20an zerbitzu berezia eskainiko dutela Indautxu eta San Mames artean.
Zuzendaritzak jarrera aldatu ezean urtarrilean mobilizazioekin jarraitzea erabaki dute langileek. Hala, urtarrilean lanuzteak egingo dituzte ostegun goizetan. Hilaren 5ean eta 19an hiru ordukoak izango dira: 09:45etik 12:45era. Urtarrileko beste bi ostegunetan, hilaren 12an eta 26an, aldiz, lanuzteak bi ordukoak izango dira: 05:45etik 07:45era. Gainera,astearteetan elkarretaratzeak egingo dituzte. Bestalde, abenduaren 28rako elkarretaratzera deitu dute Bilboko Metroko egoitzako atarian.
Atzo, gaurko grebari buruz eta aurreragoko mobilizazioen inguruan hitz egiteko eta erabakitzeko batzarretara zeuden deituta langileak. Baietza eman zioten gaurko lanuzteari. %98k onartuzuten langile batzordearen proposamena. Langile batzordeak nabarmendu zuen garrantzitsua dela Auzitegi Nagusiak atzera bota izana Jaurlaritzak jarritako gutxieneko zerbitzuak. «Arrazoi eman digute. Gainera, San Tomas egunean beti egon ohi dira zerbitzu gehiago. Baina, kasu honetan, gutxieneko zerbitzuak lanegun arrunt baten arabera jarri dituzte. Hori ere oso garrantzitsua da».
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren autoaren arabera, ezarrita zeuden gehienezko zerbitzuak «neurriz kanpokoak» ziren. «Argi dago grebarako aukeratutako egunak justifikatzen duela gutxieneko zerbitzuak handiagoak izatea, baina ez administrazioak egin duen moduan», dio ebazpenak.
Jaurlaritzak auzitegiaren erabakia errespetatuko duela esan zuen ohar baten bidez, baina helegitea jarri zuen haren aurka. «Uste dugu ezingo dela erabiltzaileen eskaria kalitatez eta segurtasunez bermatu. Auzitegiak ez du behar bezala neurtu biharkoaren [gaurkoa] gisako egun batean dauden baldintza bereziak. Horregatik jarri dugu helegitea».
Jaurlaritzaren arabera, grebak ez du justifikaziorik. «Badakite zein min egin diezaieketen baserritarrei, erabiltzaileei eta eskulangileei, eta berariaz hartu dute greba San Tomas egunarekin egiteko erabakia. Gatibu balira bezala hartu dituzte».
Aldundiaren iritzia
Greba «oso albiste txarra» da, Bizkaiko Foru Aldundiaren arabera. «Sindikatuek gogoetaren eta negoziazioaren alde egin behar zuten. Baina argi dago, halaber, metroko arduradunek beste kudeaketa bat egin behar zutela lan gatazkaren inguruan. Azken asteetan hainbat agintari publikok egindako adierazpenak ez dira oso aproposak izan».
Arduragabea da langileen jokabidea, EAEko PPko presidente Antonio Basagoitiren ustez. «Herritarrek ez diete barkatuko egingo dieten kaltea. Jolasean ari dira baserritarrekin, ostalariekin eta merkatariekin, xantaia egiten. Hori oso larria da. Are gehiago ekonomia krisian dagoen garai honetan».
Halako adierazpenak direla eta, langileei babesa azaldu die Bizkaiko EHNE nekazarien sindikatuak. «Greba langileen eskubidea da, eta salatu egin nahi dugu deialdiaren inguruan hainbat ordezkari politikok nekazariak erabiltzea. Metroko langileen greba baino arazo larriagoak baditugu nekazariok».
Trenen erdiak ibiliko dira metroan, Jaurlaritzak iragarri baino gutxiago
Auzitegiak atzera bota ditu Jaurlaritzaren gutxieneko zerbitzuak, eta langileek ia aho batez onartu dute gaur greba egiteaUrtarril osoan lanuzteak egingo dituzte beharginek ostegun goizetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu