Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak adierazi du tuberkulosi kasu bat atzeman dutela EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologiako fakultatean, eta kasu horietarako protokoloa aktibatu dutela, Osasun Publikoko Epidemiologia unitatearekin lankidetzan.
Orain arte, kutsatutako pertsonaren 70 kontaktu identifikatu dituzte fakultateko irakasleen eta ikasleen artean, eta datozen egunetan aztertuko dituzte. Prozedura horren helburua da beste kasu batzuk badauden egiaztatzea eta «pertsona guztien osasuna egoki babestea».
Halaber, Jaurlaritzak adierazi du «zaintza aktibo eta zorrotza» mantenduko dutela datorren asteetan, Osakidetzak indarrean duen tuberkulosi programaren jarraibideen arabera. Hala ere, Osasun Sailak eta Osakidetzak azpimarratu dute «neurri prebentibo» hutsa dela.
Arnas aparatuko tuberkulosia Mycobacterium tuberculosis bakterioak eragindako gaixotasun infekziosoa da. Osasun Sailak ohartarazi duenez, hura transmititzeko beharrezkoa da gaixotasuna aktibo duen norbaitekin kontaktu estua eta iraunkorra izatea: «Gaixotasuna diagnostikatzen denean, tratamendua oso eraginkorra da, eta modua ematen du gaixotasuna guztiz sendatzeko, behar bezala aplikatuz gero».
Osakidetzako Osasun Aholku Zerbitzua ohiko telefonoetan egongo da eskura, tuberkulosi agerraldiarekin lotutako zalantzak argitzeko.