Turismoak eta bigarren etxebizitzek ito hiria, aterabide zain

Peyuco Duhart zentro kulturalaren eta Foch gunearen zaharberritzea kritikatu dute De Larak eta Lafittek. Donibane Lohizuneko etxeen %42 dira bigarren etxebizitzak. Horri aitzin egiteko «muga» legalak eta kontrol gehiago ezarri nahi ditu ezkerrak.

Donibane Lohizune, iazko irailean. PATXI BELTZAIZ
Donibane Lohizune, joan den irailean. PATXI BELTZAIZ
Xalbat Alzugaray
2026ko otsailaren 19a
05:04
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela sei urte bezalaxe, Jean François Irigoien auzapez izateko prest agertu da Donibane Lohizunen (Lapurdi). Errepublikanoak alderdiko kideak ebiakoitzean presentatu zuen zerrenda. «Hautua argia da: proiektu zorrotza eta eraikia proposatuko dugu, esperientziak markatua eta biztanleak entzunez landua». Parean, Manuel de Lara zentro eskuineko hautagaia eta Paxkal Lafitte ezkerreko abertzalea izanen ditu bozetarako lehian. Lehena Peyuco Duhart eskuineko auzapezaren hurbilekoa zen, eta etiketarik gabe aurkeztuko da aldi honetan. Bertzeak, berriz, abertzalea izanik ere, ezker zabaleko fronte bat bildu du zerrendan, eta herriko etxean jarleku gehiago lortzeko lehiatuko da.

Irigoienek ez dio erantzun BERRIAri ez agintaldiko proiektuez mintzatzeko ezta programan bildu neurriak aipatzeko ere. De Larak eta Lafittek, berriz, azken sei urteetan gauzatu bi proiektu nagusi kritikatu dituzte. Batetik, Foch gunearen berrantolaketa —plaza osoa zaharberritu eta lurpeko aparkaleku bat egin dute— behar baino anitzez «gehiago» kostatu dela salatu du Lafittek. «2,8 miloi euro kostatu behar zuen hastapenean, eta zortzi milioi kostatu da azkenean». Era berean, Peyuco Duhart zentro kulturala zazpi milioi eurorekin egin behar zen, baina hamalau miloi euro balio izan du. «Kostu handiko proiektu ikusgarriak egin dira, eta guk hortik atera nahi dugu», gehitu du Lafittek.

De Larak Irigoieni leporatu dio aitzinkontua «gaizki» kudeatzea. Bi proiektu handi horiengatik biztanleei zergak igan izana deitoratu du, baita diru galera handia azpimarratu ere. «Bi proiektu handi horien kostua estaltzeko, biztanleei eguneroko zergak igan zaizkie. Gainera, aitzinkontua gaizki kudeatzeagatik diru galera franko estali behar izan dira azken orduan».

Erronka: etxebizitza

Etxeen %42 bigarren etxebizitzak dira Donibane Lohizunen. Lafittek salatu du bizirik gabe gelditua dela hiria, eta leiho hetsien «isiltasuna» pisua zaiola. Gainera, azpimarratu du jabe batzuek iruzur egiten dutela konpentsazio legea bete behar ez izateko, bigarren etxebizitzak etxebizitza nagusi gisa deklaratuz. «2023tik, lehenago bigarren etxebizitza ziren zazpiehun etxe etxebizitza nagusi gisa deklaratuak dira orain. Beraz, lehen bezalaxe alokatzen ahalko dituzte jabeek: iruzur egitea da hori». Alda mugimenduak behin baino gehiagotan salatu du praktika hori zabaltzen ari dela Ipar Euskal Herrian.

Haren erranetan, Etxaniz-Meur legearen bidez konpondu daiteke arazoa. Lege horrek herriko etxe bakoitzari eskumena emanen lioke tokiko hirigintza planean jaso eraikin egin berriak etxebizitza nagusi izendatzeko. Bertzalde, iruzurrari aitzin egiteko, Euskal Elkargoarekin batean antolatu kontrolak emendatzea proposatu du Lafittek.

(ID_15364925) (Patxi Beltzaiz/EZEZAGUNA) 2025-09-28, Donibane Lohizune.2025-09-28, Saint Jean de Luz
Donibane Lohizuneko herriko etxea, iazko irailean. PATXI BELTZAIZ

De Larak, berriz, ez die erreferentziarik egin bigarren etxebizitzei. Erran duenez, «langileak aterpetzeko herrixka bat» eraiki nahi du herriko etxearen lur batzuetan, Agour enpresaren eredua harturik. «Langile gazteentzat eta helduentzat etxebizitza eskuragarria izateko, herrixka bat eraikiko dugu kanpin publiko batean. Funtsean, Agourrek barnealdean arranjatu dituen etxaldeen eredua hartu nahi dugu».

Biztanleria «azkarki» zahartuz doala azpimarratu dute De Larak eta Lafittek. Adinekoei etxebizitzak egokitzeko laguntza emanen diela erran du De Larak, baita zahar etxe bat eraikiko duela ere. «Hiriaren erdian eraikiko genuke zahar etxe hori, herriko langileen lantegia den lekuan, eta hura Jaldai gunera lekualdatu». Lafitte ere ohartua da beste zahar etxe bat eraikitzeko beharraz, baina nabarmendu du azpiegitura horrek prezio eskuragarriak izan behar dituela. «Bi zahar etxe ditugu. Batek 4.500 euroko kostua inposatzen die egoiliarrei, eta besteak, berriz, 2.500 eurokoa, hilabete guziz. Prezio apalagoak behar ditugu adinekoak duinki aterpetu nahi baditugu».

Euskara, neurri beha

Batzuentzat lehentasuna dena bertzeentzat ez da kontuan hartzeko gai bat ere. Hain zuzen, De Larak ez du neurri berezirik proposatu euskarari doakionez. Zerrendako batzuk euskaldunak ditu, baina gaia ez zaio «bortxaz» landu beharrekoa iruditzen. «Ene zerrendako kide batzuek naturalki erabiltzen dute. Guk ez diogu euskarari lekua bortxaturik eman nahi». Horiek horrela, zehaztu du hiriko magazina ele bitan egina dela, eta herriko langileek euskara ikasi nahi izanez gero laguntza eskainiko diela.

Lafittek, berriz, zehaztu du aitzineko agintaldian sortu euskara zerbitzua sostengatu eta handitu nahi duela, kultur ekitaldietan eta hirian barna euskara ikusgarriago bihurtu dadin. «Euskara kultur ekitaldietara eraman nahi dugu. Erakutsi nahi dugu gure hiria Euskal Herrian dela». Berehalako neurrietan, elebitasuna indartzeko pausoak emanen dituela segurtatu du. «Uste dut Donostiako Zinemaldian dena ele bitan baldin bada gure Nazioarteko Film Festibalean ere hala izan behar lukeela. Euskara hedatu behar dugu».

DONIBANE LOHIZUNE

  • Demografia. 14.690 biztanle.
  • Boz zerrenda. 11.110. 
  • Herriko kontseilua. 33 hautetsi.
  • Euskal Hirigune Elkargoa. Sei ordezkari.
  • 2020ko emaitza. Jean Francois Irigoien %50,54 (25 kontseilari), Manuel de Lara %23,84 (4 kontseilari), Paxkal Lafitte %23,10 (4 kontseilari), Jacqueline Uhart %2,50 (kontseilaririk ez).
  • 2025eko hautagaiak. Jean Francois Irigoien, Manuel de Lara eta Paxkal Lafitte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.