Onki programa aurkeztu du gaur Ikastolen Elkarteak. Ikastolen «komunitate osoaren» inplikazioarekin ondu dute, eta tutoretzan «paradigma aldaketa» bat eragitea da asmoa. Heldu den ikasturtean jarriko dute martxan, DBHko ikasturteetan. Ondorengoan ezarriko dute Lehen Hezkuntzan. Ikastolen hezkuntza eredu orokorrean deskribatutako «pertsona eredua» oinarri hartuta egindako programa bat dela esan dute, eta ikaslearen ikuspegi «holistiko bat» duela. Arantzazuko Gandiaga Topagunean egin dute aurkezpena, Oñatin (Gipuzkoa).
Programak hiru eremutan landuko ditu ikaslearen gaitasunak: eremu pertsonalean, sozialean eta ikasten ikastekoan. Astean gutxienez bi ordu eskainiko dizkiote ikastolek Onkiri. Izan ere, programaren helburuetako bat da saioak «iraunkorrak» izatea. Garrantzitsuena, betiere, ikasleen eta irakasleen arteko «konfiantza gunea» sortzea izango da.
Irakasleak eta gurasoak ere aintzat hartzen ditu programak. «Irakasleen eta gurasoen arteko eguneroko harremanak eta komunikazioak beste modu batera jorratzeko aukera emango du».