Gizon bat ikerketapean dago Gasteizen, adingabe bat bortxatzeagatik eta beste biri eraso egiten saiatzeagatik. 14 eta 16 urte bitarteko hiru adingabeak Arabako Diputazioaren menpe dagoen zentro batean bizi dira, tutoretzapean. Salaketan aurkeztutako frogak kontuan izanik, 3. instrukzio epaitegiak urruntze agindua ezarri dio 26 urteko gizonezkoari.
Vocento taldeko hedabideek argitaratu dutenez, hiru alditan jazo ziren erasoak. Lehenik, 16 urteko neskak eta 26 urteko gizonak sare sozialen bidez ezagutu zuten elkar, eta gizonak bere etxera gonbidatu zuen neska. Han zeudela, sexu harremanak izatera behartu zuen. Gerora, beste bi alditan jokatu zuen hala; bi aldi horietan beste bi adingabe zeuden neskatoarekin batera.
Haiekin ere sexu harremanak izaten saiatu zen ustezko erasotzailea. Nagusiak, beste bi neskatoak babeste aldera, gizonarekin sexu harremanak izan zituen.
Adingabeek zentroko hezitzaile batengana jo zuten, gertatutakoaren berri emateko, eta hezitzailea Poliziarekin jarri zen harremanetan. Kasua adingabeen fiskaltzaren esku dago. Gizona asteartean joan zen auzitegira, eta orduan bertan ezarri zioten urruntze agindua. Ikerketak iraun bitartean ezingo da haiengana gerturatu, ezta haiekin harremanetan jarri ere.

