«Garrantzitsuena bidea definitzea da». Tres Reyes hoteleko aretoa jendez gainezka zuela, hala laburbildu zuten atzo Maiorga Ramirez EAko Nafarroako koordinatzaileak eta Txelui Moreno ezker abertzaleko kideak orain arte bi alderdiek hitzartutako akordioen nondik norakoak. Maiorga Ramirezen hitzetan, hitzartutako akordioek bilatzen dute iraganeko ezadostasunak atzean utzi eta euskal abertzaletasuna«nazionalismo espainiarraren modura talde gisa» aritzea. «Eurengandik ikasi dugu». Morenoren arabera, azken finean, bide horrek bilatzen du estatua politikoki biluztea: «Eremu ahulenera eraman behar da estatua. Eta zein da hori? Eskubideen exijentzia. Eurek sistematikoki ukatzen dizkigute».
Txelui Morenoren arabera, Euskalduna Jauregiko Lortu arte akordioak «egoera politiko diferente bat» irudikatzen du, eta horren ahalmena antzemateko gai izan dira jada PSOE, UPN eta PP. Adibidez, azkenaldian «legez kanpoko alderdiekin» hitzarmenak egitea debekatzeko eskaera egiten duten mozioei politikoki erantzuteko beharra aldarrikatu du. Ramirezek, berriz, Lortu arte akordioak normalizazio eta bakegintza alorrean aurrerapauso handiak ematen dituela deritzo, eta «luze gabe» gehiago etorriko direla aurreratu du.
Ramirezek gaineratu du printzipio demokratikoen inguruko Gernikako Akordioa «unean uneko hauteskunde egoeretara» blindatuta dagoela, eta «prozesu baten barnean» ulertu behar dela. «Denok jarri behar dugu zerbait gure aldetik, abertzale guztiak adiskidetzeko». Txelui Morenoren arabera, berriz, «potentzialitate handia» du akordio horrek.
Biek ala biek beharrezkotzat jotzen dute gizarteak mezu hori ere barneratzea eta bide horretan laguntzea: «Argi dugu gure arma bakarra politika dela, baina ez du ezertarako balio Txelui eta biok ados jartzea, ondoren udaletan edo kalean ez bada barneratzen inor ez dagoela sobera. Gure eginahala da erabakitzeko eskubidearen itsasontzian abertzale oro egotea», nabarmendu du Ramirezek. Morenok bi alderdien arteko «diskrezioa eta leialtasuna» azpimarratu ditu: «Baina horrek guztiak ez du ezertarako balio, gizartea ez bada aktibatzen eta zain geratzen bada. Herriaren izatea bera eta libreak izatea dugu jokoan».
Txelui Moreno: «Eskubide politikoen exijentzian datza estatuaren ahulgunea»
Iruñean egindako hitzaldian, Ramirezek esan du bakegintzan, «luze gabe», pauso gehiago izango direla
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu