«Bukatu da frogarik gabe gure sinesgarritasuna zalantzan jartzea. Gobernu honetan ez da ustelkeriarik izan, eta kontrakoa dioenak frogatu egin beharko du». Nafarroako Gobernuaren gardentasuna eta zintzotasuna irmo defendatu ditu Maria Txibite lehendakariak gaur, Nafarroako Jauregian eginiko agerraldi instituzionalean. Legealdiaren lehen bi urteen balantzea egin du Txibitek, gobernuko kontseilari ia guztiekin batera —Osasun kontseilariak ez du ekitaldian parte hartu, Nafarroatik kanpo baitago egunotan—, eta esan du orain arteko ibilbidea «oso emankorra» izan dela.
Lehendakariak berak azaldu duenez, «batasunaren ikur gisara» egin dute argazki instituzionala gobernukide guztiek elkarrekin: «Proiektu politiko honi eusten dion gehiengo sozialaren eta batasun positiboaren erakusgarri gisa». Nafarroako politikagintza astindu duen Cerdan auziaz ere mintzatu da Txibite. Adierazi du Espainiako Auzitegi Gorenean egiten ari diren ikerketa judizialak ez diola eragiten Nafarroako Gobernuari: «Ez dut zalantzarik gobernu honetako kide guzti-guztiak zintzoak direla, ez dut zalantzarik gure jardun osoa legezkoa dela, eta ez dugu ezer ezkutatzeko».
Nafarroako Gobernuko buruak nabarmendu du justiziarekin eta batzorde parlamentarioekin kolaboratzeko agindua emana diela kontseilari guztiei, eta protokolo berriak abiarazi dituztela gardentasuna bermatzeko asmoz. Txibitek uste du azken hilabeteetan oposizioko zenbait taldek ustelkeriari buruz esanikoak «gezur hutsak» direla: «Kolokan jartzen ari dira gure zintzotasuna eta gure izen ona, baina ez gurea bakarrik, baita Nafarroa osoarena ere. Gure erkidegoari kalte egiten diote faltsukeria horiekin».
Lobbyen erregistroa
Gardentasuna areagotzeko xedez ezarriko dituzten bi prozedura ere aletu ditu lehendakariak: lobbyen erregistroa eta fiskalizatze protokoloak. Lehenari buruz esan du Nafarroako Gobernuarekin batzartu nahi duen erakunde orori eraginen diola: «Gobernuarekin bildu nahi duen orok publikoki erregistratu beharko du, eta zer asmo eta helburu dauzkan azaldu». Txibiteren esanetan, lobbyen erregistroa ezarria dute jada beste zenbait gobernutan. «Gardentasun estandar bat da Europan, eta gure erkidegoan ere ezarriko dugu aurrerantzean».
Beste berritasuna fiskalizatze irizpideei buruzkoa da. «Protokoloak zorroztuko ditugu, hobeki kontrolatzeko baliabide publikoak nola erabiltzen diren». Lehendakariak gaineratu duenez, Kontuen Europako Auzitegiak emaniko gomendioetan oinarrituta aplikatuko dute neurri hori. «Barne prozeduren moldaketa horri esker berme handiagoak eta segurtasun handiagoa izanen ditugu prozeduretan».
Lorpenak eta erronkak
Bi urte hauetan zer lortu duten esplikatu du Txibitek bere hitzaldian. Bost ardatz nabarmendu ditu bereziki: azpiegiturak, zerbitzu publikoak, herritarren eskubideak, garapen ekonomikoa eta lurralde sustapena. Nafarroako Gobernuak webgune batean bildu ditu lorpen horiek. Eginiko bidearen adierazletzat jo du foru hobekuntzaren legea moldatu izana trafiko eskuduntzak Nafarroaren esku uzteko. Iragarri duenez, gainera, Nafarroako Gobernua lanean ari da AP-68 autobidearen kudeaketari lotutako transferentzia lortzeko.
«Zerbitzu publikoak indartzea» ere aipatu du Txibitek. Hezkuntza Departamentuko irakasleen behin-behinekotasun tasa apaldu izana nabarmendu du: «Urtebeteren buruan, %5etik behera egonen da, lan eskaintza publikoei esker». Lehendakariak aipamena egin die osasun arreta hobetzeko arazoei, eta esan du Nafarroako Gobernua lanean ari dela «itxaron-zerrendak laburtzeko eta irisgarritasuna hobetzeko». Gehitu du «azken hamarkadetako eraldaketa teknologikorik handiena» egin dutela osasun alorrean.
Bukatzeko, lehendakariak esan du gobernuari eusten dioten indar guztiekin batzartu dela, eta denen asmoa dela «2023an sinatutako gobernu ituna betetzea».
Bazkideak, urrats eske
Txibiteren agerraldiaren ostean, Nafarroako Gobernuari eusten dioten hiru talde parlamentarioek begi onez jo dute orain arteko ibilbidea. PSNko eledun Ainhoa Unzuk egin du gogoetarik baikorrena, eta esan gobernuak «160 helburu baino gehiago» bete dituela bi urteotan. Txibiteren hitzekin bat egin du bozeramaileak, lehendakariaren «ausardia» nabarmenduta: «Behin baino gehiagotan azaldu da hala parlamentuan nola kazetarien aurrean, eta garairik gogorrenetan ere aurpegia atera du».
Geroa Baiko Pablo Azkonak legealdiaren argiak nabarmendu ditu, baina baita itzalak ere. Cerdan auziko ikerketa batzordean «erabat zorrotz» aritzea galdegin die talde parlamentarioei. Ez du baztertu Geoalcali enpresaren proiektuan parte hartu zuten hiru gobernuetako ordezkariei agerraldia egiteko eskatzea —Nafarroako Gobernuarenei, Aragoikoarenei eta Espainiakoarenei—, Muga meategiaren ingurukoak argitze aldera. Urte politikoari begira, berriz, lau erronka nagusi aipatu ditu Azkonak: zerga erreforma, Osasunaren Foru Legea, foru hobekuntzari buruzko batzordea eta euskara.
Zurekin Nafarroa koalizioak ere «urrats gehiago» eskatu ditu, hiruko gobernu ituna bete dadin. Datozen hilabeteetan onartu beharreko hiru legetan egin du azpimarra: Etxebizitza Legea, Gazteriaren Legea eta Osasunaren Legea.
EH Bildu: «Politika publikoak aldatu behar dira»
Laura Aznalek, hau da, EH Bilduk Nafarroako Parlamentuan duen bozeramaileak «beste politika publiko batzuk» galdegin ditu, hasi berri den urte politiko «gogorrari» aurre egiteko. Aznalek esplikatu duenez, Nafarroako herritarren bizi baldintzek «okerrera» egin dute azken hilabeteetan, eta horren adibidetzat jo du etxebizitzen prezioak igotzea, industria deslokalizatzea eta lan heriotzak ugaritzea. EH Bilduko eledunaren irudiko, «gauzak aldatu beharra dago», baina horretarako «politika publikoak aldatu» behar direlakoan dago. Zehazki, «osasun sistema publikoa indartzeko» deia egin du Aznalek. Industriaren esparruan, berriz, «erabakietan eragiteko beharra» nabarmendu du.
UPNko presidente Cristina Ibarrolak ustelkeria akusazioetan egin du azpimarra, eta Txibite lehendakariak goizeko hitzaldian esanikoak kritikatu: «Nafarroako Gobernuan ustelkeria dagoen ala ez, hori ez du Txibitek esanen, Guardia Zibilak eta justiziak baizik». Nafarroako Gobernuaren agerraldia «itxurakeria hutsa» izan dela esan du Ibarrolak: «Batasuna erakutsi behar zuten, gobernua gero eta ahulago dagoela estaltzeko». Cerdan auziko ikerketa batzordea hizpide hartuta, UPNko buruak «harrigarritzat» jo du Txibitek gobernuaren «kolaborazioa» aipatu izana: «Dena estaltzeko ahaleginetan ari dira, eta trabak jarri dizkiete hala Txibiteren nola gobernuko beste kontseilari askoren agerraldiei».