Txibite inbestidurara aurkeztuko da, baina oraindik ez du babesik

Laura Aznalek PSNri ohartarazi dio beraiekin hitz egin beharko duela «berandu baino lehen». Esparzaren ustez, sozialistek «ituna dute EH Bildurekin», eta bozen ostean azaleratuko da

Maria Txibite PSNko lehendakarigaia, atzo, Unai Hualde parlamentuko presidentearekin. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2023ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
«Tematuta gaude kontrako boto baino aldeko gehiago izateko». Oraintxe, inbestidurarako aukera duen hautagai bakarra PSNko Maria Txibite da, eta hark atzo azaldu zuen pauso hori emango duela Geroa Bairekin eta Zurekin Nafarroarekin akordioa lortzean. «Gure asmoa da 21 boto horiek lortzea». Alta, aurrez argi zegoen bezala, Unai Hualde parlamentuko presidenteak baieztatu ahal izan zuen Txibitek oraingoz ez duela nahikoa babesik.

Parlamentua osatu eta hamar lanegunen buruan, talde guztiekin biltzera behartzen du legeak. Hala, bezperako bilerei segida emanez, Hualde gainerako taldeekin batzartu zen goizean, parlamentari gutxienetik gehienerako ordenan: lehenik Geroa Bairekin elkartu zen, 10:00etan; EH Bildurekin 11:00etan, PSNrekin 12:00etan, eta, azkenik, UPNrekin 13:00etan.

Txibitek, edonola ere, EH Bilduren abstentzioa beharko du bere asmoak bete daitezen. Laura Aznal hautagaiak azaldu zuen «berandu baino lehen» koalizioarekin hitz egin beharko duela, eta, bileran, argi utzi zioten Hualderi «prestasun osoa» dutela «akordioak lortzeko». Ikusirik oraingoz publikoki EH Bildu gobernua osatzeko negoziazioetatik at utzi dela, ondorengo asteetan koalizioak zer posizio izango duen aurreratu zuen Aznalek. Haren hitzetan, EH Bilduk epeak bukaeraraino bete arte itxaron nahi du, eta oraindik ez dute erabaki zer egin.

Egoera horretan, Aznalek mezu hau igorri zion inbestidurara aurkeztu nahi duen hautagaiari: «EH Bildu aintzat ez hartzea ez da aukera egingarri bat baldin eta politika aurrerakoiak sendotu nahi badira. Borondate irmoa dugu eskuinak Nafarroako politikan eragin ez dezan, baina argi diogu herritarrek ez dutela onartuko inolako bazterketarik. Bi baldintza horiek maila berean jartzen ditugu». Aznalek berretsi zuen hirugarren indarra direla, aurreko legealdian baino «erabakigarriagoak» direla, eta aritmetikoki haien beharra dutela PSNk, Geroa Baik eta Zurekin Nafarroak.

Txibitek berak jada marraztu du etorkizuneko jokalekua. Aurreko egunetan esan bezala, argi utzi zuen EH Bilduk ez duela parte hartuko negoziazioetan, baina, behin akordioa lortuta, atea irekirik utzi zuen. Izan ere, koalizioarekin bilduko ote diren galdetuta, ez zuen eman ez ezezkorik, ez baiezkorik: «Gobernu akordioa dokumentu irekia izango da, eta haren edukia alderdi guztiei azalduko diegu, hori baita gure konpromisoa». Aurrerago zehaztu zuen «mundu guztiari» azaltzeko asmoa dutela.

UPNko Javier Esparzari ez zitzaion oharkabean pasatu Txibitek egintzat jotzen duela EH Bilduren abstentzioa; izan ere, koalizioak haren inbestidurari ezezko botoa emango balio, PSNk ez luke lortuko bere helburua. Hala, Esparzak ondorioztatu zuen «itun bat» dutela biek. «PSOEk erabaki du EH Bilduk eskatzen diona ordaintzea, baina, hori bai, uztailaren 23ra arte itxarongo dute, Pedro Sanchezi enbarazurik ez egiteko, eta kanpainan auzi honek eraginik izan ez dezan». Esparzaren arabera, EH Bildu «sendo» dago, «PSNk Nafarroako gobernabidearen giltza eman diolako».

Uztailaren 23aren ondoren

Hualdek bi egunotan egindako bilkura horietan, argi geratu da uztailaren 23tik aurrera etorriko dela gobernu akordioa. Geroa Baiko Uxue Barkosen arabera, PSNk berak baieztatu du hori, eta kezkatuta azaldu da horrek negoziazioen erritmoa mantsotu eta haren bilakaera baldintzatu duelako. «Hilabete iragan da, eta orain hasi gara edukiei buruz negoziatzen». Txibitek berak onartu zuen data hori baldintzatzen duen elementua dela, baina gogora ekarri zuen 2019ko inbestidura abuztuaren 6an egin zela: «Orduan ez zegoen hauteskunde orokorrik».

Negoziazioak aurrera doaz. Astelehenean, Geroa Baik hamazazpi arlotan banatutako ia ehun neurri helarazi zizkien beste bi taldeei, eta Barkosek baieztatu zuen jada jaso dituztela besteen agiriak. Lehen irakurraldiaren ondotik, nabarmendu zuen Zurekin Nafarroaren dokumentuak proposamen zehatzak dituela, baina PSNrenari «zehaztasuna falta» zaiola. Haren hitzetan, PSNren agiriak posizio politikoak ematen ditu, neurrietan sartu gabe.

Geroa Bairen jarrera azaltzean, gobernu barruko esperientziak pisu handia duela azaldu zuen Barkosek: «Lau urtez bazkide gisa aritu izanak mahai gainean jarri digu gobernuaren egunerokoari finago erantzun behar diogula». Adibide gisa jarri zuen Mañeru eremu mistora pasatzeko proposamena: ustez, 2019ko akordio programatikoan argi zegoen hori, baita udalen autonomia errespetatuko zela ere, baina, gero, sozialistek kontra egin zuten: «Auzia ez da mesfidantzarik ba ote den, baizik eta operatiboagoak izan behar dugula».

Halaber, beste behin esan zuen elkarrizketetan Txibitek presente egon behar lukeela, inbestidurari begira konfiantza adierazteko balio baitie bazkideei. Txibite ez egoteak «lidergo falta» irudikatu dezakeela uste du.

Auzi hori, baina, ez du gustuko Txibitek: «Benetan sartu behar dugu kontu hauetan?», esan zuen, haserre, kazetari batek horren inguruan galdetu dionean, bigarren aldiz. PSNko hautagaiaren arabera, berea «lidergo partekatua da», eta negoziazioetan «talde gisa» jarduten dute, «programa alderdi sozialistarena delako, eta ez Txibiterena». Haren haserreak adierazten du auzia ez duela gustuko, eta haren presentziarik eza politikoki ez higatzeko asmoaren ondorio dela.

Hurrengo bilera bihar izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.