Politika

Txibite: «Nafarroa plurala da; errespetuan bizi gara»

Autogobernuaren defentsa egin behar dela nabarmendu du Nafarroako lehendakariak. PSNk adierazi du urte ona izan dela alderdiarentzat.

Ramoz Alzorriz artxiboko irudian. IñIGO URIZ
Ainhoa Larretxea Agirre.
2019ko abenduaren 30a
14:34
Entzun

Urte bukaerako bere lehen mezua zabaldu du Maria Txibite Nafarroako lehendakariak. «Nafarroa plurala da; errespetuan bizi gara», nabarmendu du. Elkarbizitza ezinbertzekoa dela erran du Txibitek, eta azpimarratu du elkarbizitzarik gabe ez dagoela «onura ekonomikorik». Lehendakariaren arabera, Nafarroaren apustua «bidezko hazkundea» da: hazkunde ekonomikoa eta gizarte garapena batera joatea.

Eguberrietako lehen mezua izan du Txibitek, eta euskaraz ere egin ditu hitz batzuk: «Eskerrik asko zuen konfiantzagatik, eta eskerrik asko nahi izan duzuelako Nafarroako aniztasuna islatu dadila gobernu aurrerakoi batean, zentraltasun politikoan ardazturik».

Adierazi du Nafarroako gizartearen egoera «ona» dela. Hala ere, ohartarazi du oraindik ere hainbat arrakala daudela, eta politika publikoak egitea ezinbertzekoa dela arrakala horiek gutxitzeko. Autogobernuaren alde egin beharreko defentsa ere azpimarratu du: «Autogobernua zalantza jartzen duten garai hauetan, defendatu egin behar dugu».

Nafarroako Gobernua herritar guztientzat zabalik dagoela erran du, eta herritarrak parte hartzera bultzatu ditu. Indarkeriaren biktimak gogoan izan ditu mezuan, eta bereziki aipatu du indarkeria matxista, gobernuak hura desagerrarazteko konpromisoa duelakoan. Nafarroako Gobernua «feminista» dela nabarmendu du Txibitek.

PSNrentzat, urte ona

Lehendakariak soilik ez, haren alderdiak ere egin du urteko balantzea. Ramon Alzorriz PSNko Antolakuntza idazkariak nabarmendu du urte ona izan dela alderdiarentzat, bai hauteskundeetan lortutako emaitzengatik, bai alderdiak azken urteetan izan duen irudia aldatu duelako. «Bide gogorra izan da, alderdiak estigma bat zuelako, eta ematen zuelako iraganean egindako ekintzak errepikatuko zituela».

Aldaketa heldu dela adierazi du PSNk, herritar guztiak izango dituelakoan ardatz gobernu berriak. «Nafarroarentzat garai berri bat hasi da; politika identitarioak alde batera uztea lortu dugu, denentzako politikak egiteko». Gobernua gutxiengoan dago, baina, Alzorrizen esanetan, «gizartearen gehiengoa» alde du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.