Zirrikitu bat ireki du Maria Txibitek. Nafarroako Gobernuko lehendakaria prest agertu da euskarari beste estatus bat emateko eta gaztelaniaren pare jartzeko, horretarako Foru Hobekuntza moldatuta. Nafarroako Parlamentuko osoko bilkuran egin ditu adierazpenak, PSNren galdera bati erantzunez. Zehazki, lehendakariak iragarri du Foru Hobekuntzaren 9. artikulua moldatzea proposatuko duela, euskara «Nafarroako hizkuntza propio» gisa aitortzeko.
Izan ere, Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko lantaldea abian da legebiltzarrean, eta heldu den astean agerraldia eginen du Txibitek hartan. «Urteetan, euskarak konnotazio politikoak izan ditu sozialak bainoago, baina sinetsita nago gure gizarteak gainditu egin duela etapa hori», esan du.
Ez dago argi zein izan daitekeen moldaketa horren eragina, Foru Hobekuntzaren 9. artikulua baita, hain zuzen ere, euskararen eta gaztelaniaren ofizialtasuna arautzen duena. Hala ere, artikulu horretan ez du ezer aipatzen «Nafarroako berezko hizkuntza» kontzeptuaz. Arauak zera dio, zehazki: «1. Gaztelania da Nafarroako hizkuntza ofiziala. 2. Euskara ere hizkuntza ofiziala izanen da Nafarroako eremu euskaldunetan. Foru lege batek zehaztuko ditu eremu horiek, euskararen erabilera ofiziala arautuko du, eta hizkuntza horren irakaskuntza ordenatuko du, Estatuko araudi orokorraren esparruan».
Nafarroako Gobernuko buruak, gainera, propio aipatu du iragan larunbatean Euskalgintzaren Kontseiluak antolatuta Iruñean egin zen Euskaltzaleon Martxa. Txibitek aintzat hartu du «euskaraz bizitzeko benetako baldintzak» eskatu eta «euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa» aldarrikatu zela manifestazioan, eta horretan egin du azpimarra: «Hain zuzen ere, ezagutza da hizkuntzaren sozializazioan aurrera egiteko gakoa». Lehendakariaren ustez, euskara «aniztasunetik abiatuz» ulertu behar da, «Nafarroako gizartea bera ere plurala baita, eta aitortua eta aintzatetsia ikusi behar du bere burua, nafar guztiona den hizkuntza honen partaide izan».
Nafarroako Gobernuko buruak nabarmendu duenez, euskarak «erabateko normaltasuna bizi du elkarbizitzari dagokionez», eta uste du hainbat faktore daudela horren oinarrian; esate baterako, «hezkuntzak euskararen esparruan jokatu duen eta oraindik jokatzen duen rola». Txibitek txalotu egin du D eredu publikoa eremu ez-euskaldunera zabaltzeko ahalegina, eta bere gobernuaren lorpen gisa aurkeztu Mendigorrian, Larragan, Lezkairun, Oibarren eta Faltzesen euskarazko lerroak zabaldu izana. Ez du aipatu, dena den, horiek guztiak ez zirela izan gobernuak bere ekimenez eginiko urratsak, herritarren eta euskalgintzaren mobilizazioen eta protesten ondotik heldu baitziren.
EH Bildu: «Inflexio puntu bat da»
Txibiteren hitzek zeresana eman dute Nafarroako Legebiltzarreko taldeen artean. PSNk begi onez hartu du lehendakariak eginiko iragarpena, «egungo nafar gizartearen errealitatea islatzen baitu». Ainhoa Unzu bozeramailearen ustez, euskara «milaka nafarren egunerokoaren parte» da, eta erakundeek sustatu beharko lukete, «herritar guztiena den ezagutza eta balio bat den heinean, betiere gure lurraren pluraltasuna errespetatuz». Txibitek bezala, Unzuk ere hezkuntzan egin du azpimarra, uste baitu, Foru Hobekuntza moldatzeaz harago, Nafarroako Gobernuak bestelako politika batzuk sustatu beharko lituzkeela «euskararen ezagutza nafar guztien esku» egon dadin: «Euskara despolitizatzeko modurik onena da herritarrengana hurbiltzea, hezkuntzaren, ezagutzaren eta pluraltasunaren bidetik».
EH Bilduren izenean, Eneka Maiz parlamentariak esan du «oso berri ona» dela Txibite euskararen estatusa aldatzeko prest agertu izana: «Inflexio puntu bat da, ate bat ireki baitu». Maizek nabarmendu du PSNk Foru Hobekuntzako 9. artikulua moldatzeari baiezkoa eman diola lehen aldiz, eta balitekeela hori «bide estrategiko baten hasiera» izatea. Maizek onartu du lehendakariak «hitzak neurtu» dituela diskurtsoan, eta ez duela konpromiso zehatzik hartu nahi izan, baina elkarlanarekin lotu du jarrera hori ere: «Denok nahi ditugu zehaztasunak eta konpromisoak, eta ziur naiz horiek ere etorriko direla; exijituko ditugu. Badakigu lanean segitu beharko dugula, eta bidea dugula egiteko, egoera ez baita egun batetik bestera aldatuko, baina Txibitek ate bat ireki du gaur, eta ortzi muga ezarri».
Geroa Bai: «Euskara berezko hizkuntza da jada»
Geroa Baik iritzi kritikoagoa plazaratu du. Pablo Azkona bozeramaileak esan du euskara «Nafarroako berezko hizkuntza dela jada», eta hala jasota dagoela 1986ko Euskararen Legean. Txibitek sustatu nahi duen eztabaida esparrua jada «gainditua» dagoela gaineratu du Azkonak, eta beste urrats batzuk egitera premiatu du lehendakaria: «Gure helburua zera da, Foru Hobekuntza moldatzea, baina zonifikazioa erauzteko eta euskararen ofizialtasuna ezartzeko Nafarroa osoan». Horrez gain, Txibiteri gogorarazi dio hezkuntza publikoaren alorrean euskara sustatzeko ahalegina ez dela legealdi honetan hasi, «2015ean baizik», Uxue Barkosen gobernuak bultzatuta, eta ahalegin hori izan zela «aurrerabideak egiteko modua eman zuena».
Antzera mintzatu da Zurekin Nafarroa koalizioko bozeramaile Carlos Guzman ere. Uste du zonifikazioa gainditu gabe euskara «hizkuntza propio gisa» aintzatetsi nahi izatea «itxurakeria eta elektoralismo hutsa» dela.
Kontseilua: poza, «neurrian»
Txibite lehendakariaren hitzak «poz neurtuz» hartu ditu Idurre Eskisabelek, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak. Esate baterako, Foru Hobekuntzan euskarari «Nafarroako berezko hizkuntzaren aitortza» ematea «urrats bat» dela uste du. Urrats txikia, hala ere: «Benetan aurrera egiteko gutxienekoa zera litzateke, euskara ofizial egitea Nafarroa osoan».
Euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa, bestalde, Kontseiluak iragan larunbateko martxan eginiko aldarrikapenetako bat izan zen. Txibitek horri «balioa eman izana» txalotu du Eskisabelek, baina hitzetatik ekintzetara pasatzeko deia ere egin dio: «Sinesgarri izateko, urrats eta ekintza errealak behar ditugu, Txibiteren gobernuaren orain arteko jarduna, hain justu, horren kontrakoa izan baita: D ereduaren irekiera behin eta berriro oztopatzea».
Azkenik, euskaltzaleen mobilizazioek duten «eragingarritasuna» nabarmendu du Kontseiluko arduradunak: «Normalizazioaren aldeko urrats txiki hauen bultzagarri izan da, nahiz eta oraindik argi urteetara gauden premiazko eta ezinbesteko urratsetatik».