Maria Txibite Nafarroako lehendakari bihurtu da gaur ofizialki, eta Uxue Barkosen lekukoa hartu du, Nafarroako Parlamentuaren atarian egin den ekitaldian. Bere "kontzientziarengatik eta ohorearengatik" promes egin du lehendakari karguaren eginkizunak "leialki" beteko dituela. Ondorengo hitzaldian, PSNko idazkari nagusiak "ardura" eskatu die alderdi politiko guztiei, "elkarbizitza baketsua, elkarrizketa emankorra eta desberdintasunarekiko errespetua" ahalbidetzeko.
Kargua hartzeko ekitaldian, gonbidatuen artean izan da Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria. Gonbidatuta egon dira Txibiteren aurretik Nafarroako Gobernuko lehendakari izandakoak, jarduneko gobernuko kideak, 2019-2023 legealdiko parlamentariak eta eragile politiko, ekonomiko eta sozial ugari ere. Espainiako Gobernutik, Jose Luis Abalos Sustapen ministroa eta Luis Planas Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura ministroa izan dira.
Txibitek azaldu duenez, Nafarroako lehendakari ardura hartzea "ohorea, ardura eta erronka" da berarentzat. "Nafarroarengatik lan eginteko aukera". Haren esanetan, gizartearen erronketan aurrerapausoak emateko helburua nabarmendu du, "esparru instituzionaletik eta gainontzeko foru erakunde, erakunde espainiar eta europearrekiko leialtasunarekin".
Erronka horien artean aipatu ditu garapen ekonomiko eta sozial "berritzailea eta justua", "egiazko" berdintasuna, lurralde kohesioa, despopulazioari eta biztanleriaren zahartzeari aurre egitea eta gazteriarentzako aukerak sortzea.
Horrez gain, garrantzi berezia aitortu dio elkarbizitzari. Txibitek nabarmendu du Nafarroa "erkidego plural eta askotarikoa" dela, eta horrek "balio handia" duela. Lehendakari berria konprometitu egin da "pentsatzeko, sentitzeko, bizitzeko eta maitatzeko modu guztiak errespetatzera".
Txibitek ohartarazi du ordezkari publikoek eredugarri izan behar dutela gizartearentzat. "Herritarrek hautatutako ordezkari garen heinean, gizarte eredu bat, bizitzeko eta elkarbizitzarako eredu bat gidatzea dagokigu, eta ezin dugu exijitu emateko gai ez garena", adierazi du.
Osatuko duen gobernu berriaren kontseilariek bihar hartuko dituzte beren karguak, eta datozen egunetan kontseilari berrien eta jardunekoen arteko bilerak egingo dituzte, gobernu lanetarako prestatzeko.