biktimak

Txiki eta Otaegi gogoratu dituzte Zarautzen, baina Iruñeko ekitaldia debekatu egin dute

Bi ekitaldiak Ahaztuak 1936-1977 elkarteak antolatu ditu. Sortuk indarkeriaren erantzukizuna hartzeko eskatu die PP, UPN, PSOE eta EAJri.

Zarautzen gaur eguerdian egindako ekitaldia. JUAN KARLOS RUIZ, FOKU
2019ko irailaren 27a
10:01
Entzun

Jon Paredes Txiki-ren hilobian oroimen ekitaldi bat egin du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak, Zarautzen (Gipuzkoa). Francoren diktadurak fusilatu zuen ETAko militantea, gaur 44 urte. Egun berean fusilatu zituzten Txikiren kide Angel Otaegi eta FRAPeko militante Jose Luis Sanchez, Ramon Garcia eta Humberto Baena, eta haiek denak ere gogoratu dituzte.

Aldiz, Espainiako Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzak debekatu egin du Ahaztuak elkarteak gaurko Iruñean haien eta "eraildako eta errepresaliatutako beste guztien oroimenez" deitutako elkarretaratzea. Elkarteak azaldu du Espainiako Poliziaren txosten batean oinarritu direla ekitaldia galarazteko, kartelean "bost terrorista" agertzen direla esabda eta "biktimak gutxiesten" direlakoan, baina gogoratu du duela bi urte egin zutela Iruñean ekitaldia, "eta ez zen arazorik sortu". Jakinarazi du EAEn antolatzen dituztela antzeko ekitaldiak. "Honetan ere zer da Nafarroa, estatu auzia?". Iragarri du garai haietako "krimenen eta genozidioaren inpunitatea" salatzen jarraituko duela.

Ezker abertzaleak Hendaian (Lapurdi) eta Baionan Gudari Eguneko ekitaldiak egin ditu, eta AEM Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak, elkarretaratzeak Donostian, Bilbon, Etxebarrieta Anaien plazan eta Berangon.

Sorturen eskaera PP, UPN, PSOE eta EAJri

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia Zarauzko ekitaldian izan da, "memoria propioari eusteko" eskubidea aldarrikatzeko. Salatu du eragile batzuk memoria hori kriminalizatu nahian dabiltzala, eta eskatu die ardurak bere gain hartzeko. "Ez ditugu entzun PP eta UPN euren erantzukizuna hartzen 1936ko kolpe faxistagatik eta ondorengo 40 urteko diktaduragatik, trantsizioan izandakoehunka hildakoengatik, UCDk martxan jarritako estatu terrorismoagatik". PSOE ere galdegin dio erantzukizuna hartzeko GALengatik eta torturengatik, eta EAJ, Ertzaintzari egozten zaizkion tortura salaketengatik eta sakabanaketa politika PSOErekin "diseinatu" izanagatik. "Esaten diegu izan daitezela, behingoagatik, ezker abertzalearekin diren bezain exijenteak eta egin dezatela ezker abertzaleak egin duena: har dezatela herri honetan izandako biolentzien eta sufrimenduaren erantzukizunaren partea".

Bakea erdiesteko eta berriro indarkeriarik ez izateko, Rodriguezek beharrezkotzat jo ditu "egia guztiaren ezagutza, biktima guztien aitortza eta erreparazioa, preso politiko guztien kaleratzea eta Euskal Herriaren autodeterminazio eskubidearen ezagutza".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.