Txiki eta Otaegiren lekukoa hartzera dei egin du EHKSk, faxismoaren goraldi betean

Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Txiki, Otaegi eta FRAPeko hiru fusilatuak oroitu ditu Zarautzen. Komunismoa «proiektu apurtzaile erreal gisa» aurkeztu nahi dute, argudiatuta «erreformismoak» ez duela balio nazio eta klase auziei erantzuteko.

Gaur eguerdiko ekitaldia, Zarautzen. EHKS
Gaur eguerdiko ekitaldia, Zarautzen. EHKS
Iosu Alberdi.
Zarautz
2025eko irailaren 27a
16:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Hil nahi izan zutenak bizirik dihardu». Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak Gudari Egunean egindako ekitaldian adierazi nahi izan duena laburtu dezake oholtzan abestutako bertsoaren zati horrek. Mugimendu Sozialistako kideek frankismoaren azken fusilatuak omendu dituzte Zarauzko Munoa plazan, eta haien erreleboa hartzeko prest azaldu dira, «faxismoaren eta erreakzioaren» goraldi betean. «Atzo faxismoaren aurka borrokatu zirenen lekukoa hartu eta gaurko faxismoari aurre egitea dagokigu», esan du Ane Ibarzabal EHKSko eledunak.

Gaur 50 urte dira diktadura frankistak ETAko kide Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi, eta FRAPeko Xose Humberto Baena, Jose Luis Sanchez eta Ramon Garcia exekutatu zituela, eta «askatasunaren aldeko militante» horiei omenaldia egin die EHKSk. «Ez dira ezeren biktimario, oraindik ere arekak beteak dituen diktadura baten kontrako militante antifaxistak baizik», esan du Garazi Navarro eledunak, udan Txiki eta Otaegiren aitortzaren inguruan piztutako eztabaidari erreparatuz.

Izan ere, Ibarzabalek azaldu du eliteek langile klasearen, hizkuntza gutxituen eta «nazio zapalduen» kontra ezarritako proiektu politikoa izan zela frankismoa, eta aipatutako lagunak, horren aurka altxatu zen «berpizkunde iraultzaile» bateko kide. Hala, bozeramaileak esan du du, 50 urte igaro izanagatik, ezin direla «borrokan erori diren militante politikoak» ahaztu: «Iraultza egiten saiatu zirenen memoria omendu behar dugu». Hala, aldarrikatu du Diego Paredes Txikiren anaiak ere. Bideo batean, Txikik exekutatu aurretik idatzitako azken mezua irakurtzen agertu da, eta ideia bat helarazi du: «Garrantzitsua da egun hark zioenagatik borrokatzen segitzea: gizakiak gizakia esplotatzeari uztea, eta gizarte justuago bat eratzea».

«Ez dira ezeren biktimario, oraindik ere arekak beteak dituen diktadura baten kontrako militante antifaxistak baizik»

GARAZI NAVARRO EHKSko eleduna

Izan ere, Navarrok adierazi du, jada erregimen frankistarik ez bada ere, «estatu sozialista lortzeko» helburuak indarrean segitzen duela, baina baita faxismoaren mehatxuak ere. «Gaur, langileria azpiratzen saiatuko den faxismo berri bat dator, eta presta gaitezen borrokarako», adierazi du. Eta gehitu du borroka horretan, Txikiren, Otaegiren eta FRAPeko kideen irakaspenak «oso presente» dituztela. «Klase sozialik eta inolako zapalkuntzarik gabeko jendarte baten alde egin zuten borroka», esan du, eta Txikiri eta Otaegiri erreferentzia eginez, gehitu du horiek «euskal estatu sozialista» bat zutela helburu.

Hitzaldian, bi auziei erreparatu die: nazionalari eta klaseari. Lehenari dagokionez, Navarrok salatu du «78ko erregimena», frankismoa bezala, «sistema erabat espainolista eta autodeterminazioaren aurkakoa» dela. «Euskal Herri langilearen borondate nazionalari entzungor egiten dio», kritikatu du, eta gehitu du ez dagoela posizio hori aldatzerik «erreformen» bidez, «ezta PSOErekin akordioak eginda ere».

Hortik abiatuta, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk estatus politiko berri baten inguruan martxan duten elkarrizketari heldu dio. «Iruzur autonomistatzat» jo du, eta «langile klasearen autodeterminazioaren alde» lan egitera dei egin, «nazio zapalkuntzari» amaiera emateko bidea hori delakoan.

Proiektu apurtzailea

Navarrok zalantzan jarri du egungo Espainiako Gobernua gai ote den «hazten ari den erreakzioa eta faxismoa gelditzeko». Esan du PSOEk bere burua horren aurkako «azken lubaki gisa» aurkezten duela, baina gogorarazi du PSOEk berak sortu zuela GAL. Horregatik, uste du langileek «lubaki propioak» eraiki behar dituztela: «Euskal Herrian ere erreakzio horrek kaleak hartu ez baditu, ez ditu hartu hemen berezitasunik dagoelako, ez ditu hartu hemen milaka lagunek auzoz auzo, herriz herri, mota askotako lan politikoa egiten dugulako».

«Sozialismoa kapitalismoaren eta faxismoaren aurkako lehen mailako indar izatea lortzen badugu, militantzia konprometitu bati esker lortuko dugu soilik»

ANE IBARZABAL EHKSko eleduna

Bide horretan, EHKSren xedea da komunismoa «proiektu apurtzaile erreal gisa» kokatzea. «Sozialismoa kapitalismoaren eta hark sortzen duen faxismoaren aurkako lehen mailako indar izatea lortzen badugu, militantzia konprometitu bati esker lortuko dugu soilik», esan du Ibarzabalek.

Gazako genozidioa ere aipagai izan du Navarrok. EAJk Espainiako Vueltako protesten eta CAF enpresaren rolaren harira esandakoak kritikatu ditu, eta «ofentsibara pasatzeko» garaia dela adierazi, hori delakoan agintariak mugiarazteko modu bakarra. «Genozidio bat geratzeko, kaleak hartzea eta boikota sustatzea gutxieneko etiko bat dira, zuen negozio zikinak hankaz gora jartzea baldin badakar ere».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.