Txiktxak aplikazioa sortu du elkargoak, autoa gutxiago erabiltzeko

Ipar Euskal Herrian zehar autobusez, bizikletaz edo autoa partekatuz ibiltzea erraztu nahi dute. Auto ilarak arintzea da helburua

Ekhi Erremundegi Beloki.
Baiona
2023ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Abiapuntua: Baiona; helmuga: Hendaia; iritsiera ordua: 18:00. Bilatu. Hiru autobus linea proposatu ditu Txiktxak aplikazioak, hainbat ordutegirekin. Bakoitzaren gainean klik eginez gero, geltoki bakoitzera iristeko argibideak ematen ditu, nabigaziorako beste edozein aplikaziok bezala. Hala nahi duenarentzat, bizikletaz joan ahal izateko ibilbidea ere azaltzen da. Eta auto partekatzeko proposamenak ere ageri dira. Aipatutako bidaiarentzat bost aukera daude, bi plataformatan. Gaur egun merkatuan dauden hiru plataformetako eskaintzak batu dituzte.

Atzo aurkeztu zuen Euskal Hirigune Elkargoko mugikortasun sindikatuak abian jarri duen aplikazio berria. Ipar Euskal Herrian zehar mugitzeko elkargoak proposatzen dituen garraiobideak biltzen ditu, puntu batetik bestera joateko bideak eta denborak kalkulatu, eta ordutegiak denbora errealean emanez. Helburu argi batekin: autoak bakarka gutxiago erabiltzea.

Gaur egun, auto bakoitzean 1,3 pertsona ibiltzen dira Ipar Euskal Herrian. 2030erako 1,6ra iritsi nahiko lukete. Aldaketa horrekin, gaur egun baino %20 auto gutxiago lirateke errepidean. Baionako hirigunera sartzeko eta ateratzeko goiz eta arrats guziez dauden auto ilarak arindu nahiko lituzkete horrela. Auto gehiagotan partekatzeko, bidaia gastuak bere gain hartzea proposatzen du elkargoak, hilabetean 150 euro arte.

Azken urteetan autobus zerbitzua ere gehiago erabiltzen dela ikusi dute. Iazko eta aurtengo datuak alderatuta, lehen hiruhilekoan %6ko emendatzea izan da Lapurdi kostaldean; %34koa barnealdean. Egunero 40.000 bidaia balioztatu daude. Atharratze eta Baiona arteko 11. linean ikusi dute emendatzerik handienetako bat. Tarifa Ā«interesgarriakĀ» eta erregaien prezioaren emendatzea izan litezke arrazoietako batzuk, sindikatuko zerbitzuen arabera. Txiktxak txartela urririk egiteko aukera du erabiltzaileak, eta horrekin 0,90 euroan ateratzen da bidaia. Horrez gain, Pony izeneko bizikleta elektrikoen zerbitzu bat ere abian jarriko dute ekainean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.