Txomin Olhagarairen omenezko murala Itsasutik (Lapurdi) ezabatzen badute, beste ehunka lekutan ager dadila. Agindu horrekin banatu dituzte larunbat honetan muralaren irudiaren erreplika dakarten afixak Goooxoan elkarteko kideek. 550 lagun elkartu dira herrian zehar egin duten manifestazioan IK Iparretarrak taldeko militante ohiaren memoria defendatzeko borondatez. Prefetaren kontrako eta Euskal Herriaren aldeko oihuak egin dituzte, eta muralaren aitzinean bukatu dute martxa; amaieran, zenbaitek hitza hartu dute, eta afixak banatu dituzte.Â
Ikusi gehiago
«Gure lehen helburua zen gaur erratea muralaren gaia ez zela bakarrik itsasuarren gaia, eta manifestazio honetan hori erakutsi dugu», esplikatu du Filipe Laskarai Goooxoan elkarteko kideak. «Badakigu margolana ezabatuko dutela, herriko etxeak hala erran baitigu. Ezabatua izanen den egunean Ipar Euskal Herri osoan ihardukiko dugu, leku publikoetan afixa horiek ezarriz. Horrekin nahi dugu erakutsi ez garela ados prefetaren ezabatze aginduarekin».
«Anitz jende, eta bereziki gazteak, ez dira jabetu gure herriko historiaz. Horregatik, pareten bidez agerian eman nahi dugu»
FILIPE LASKARAIÂ Goooxoan taldeko kidea
Laskaraik salatu du Euskal Herriko historia ez dela behar bezala transmititzen, eta agintarien esku dagoela gaur egun lurralde honen memoria. «Hemen iragan dena mututu eta isildu nahi izan du prefetak. Alta, anitz jende, eta bereziki gazteak, ez dira jabetu gure herriko historiaz. Horregatik, pareten bidez agerian eman nahi dugu».
Memoriari iraina
Gabi Mouesca IKko militanteak hartu du hitza manifestazio bukaeran, eta «kexa» agertu du. «Badu hamar bat egun biziki kexu naizela. Abertzale eta euskaldun gisa, hori da egin dezakegun gutxienekoa: kexu izatea». Gogor egin du prefetaren kontra, eta murala ezabatzeko agindua gaitzetsi. «Margolan hau arte obra bat da, prefet jauna. Zein izanen da ondoko urratsa, gure herriaren historia kontatzen duten liburuak erretzea?».

Prefetak beste lehentasunik izan beharko lukeela iradoki du Mouescak: euskara, kultura, lurra eta etxebizitza, laborarien egoera «eskasa», irakaskuntza, instituzio gaiak... «Baina Euskal Herrira etorrita egin duzun lehen gauza arte obra bati eraso egitea izan da, herri honek pilatu duen sufrimendua oroitzen duen arte obra bati eraso egitea. Txomin aipatzen dugu, baina zenbat dira errepresioaren lazturak jasan behar izan dituztenak? Presondegian urte luzeak, heriotza, anputazioak, elbarritasuna... zenbat sufrimendu?». Olhagarairen memoriari «irain» egitea leporatu dio. Eta gogoan izan ditu IKko militante zirela hildako guziak, banan-banan izendatuta: Maddi Hegi, Ramuntxo Arruiz, Didier Lafite eta Popo Larre. Txalo zaparrada batekin erantzun diote bertaratutakoek.Â
Prefetak herriko etxeari emandako agindua salatu du, baina mugimendu abertzaleari ere dei egin dio: «Gure erantzukizuna da tokian-tokian gure hautetsiei babesa erakustea, senti dezaten ez daudela bakarrik estatuaren potentziaren aitzinean».
Brisson, «gezurretan»
Max Brisson LR Errepublikanoetako senataria izan da azken egunetan Olhagarairen omenezko murala gehien salatu duen hautetsietarik. Komunikabideetara bidalitako agiri batean, «erabateko babesa» adierazi zion Simon Fetet Pirinio Atlantikoetako prefetari, eta adierazi zuen, 1980ko martxoan Olhagarai hil zenean, Simone Biacabe garaiko suprefetaren emaztearen kontrako atentatu bat prestatzen ari zela. «Gure gizarteak ezin du krimenaren apologiarik onartu».
«Borroka armatua utzi genuen, baina borroka ez da bukatu, eta militante abertzale bakoitza arma bat da, etsaien aitzinean izateko»
GABI MOUESCA IKko militante ohia
Historiako goi mailako ikasketak dituen hautetsi horri «gezurretan» aritzea leporatu dio Mouescak. «Errebisionista hutsa zara. Herri honetan denek dakite, zuk ere bai, zein zen Txomin eta Ramuntxo hil ziren ekintza haren zentzua. Denek dakite. Eta espero dut hemendik urte batzuetara senataria hautatu beharko dutenean lurralde honetako auzapezak oroituko direla gertakari honetaz».
Brissonen agiriak «baketzearen» beharra aipatzen zuela oroitarazi du Mouescak. «Ez da baketzea guk nahi duguna, ezta bakea ere; justizia nahi dugu, askatasuna eta duintasuna nahi ditugu». Gertakari horien atzean mugimendu abertzalearen «kriminalizazio saiakera» dagoela salatu du Mouescak. «Gure ardura da orain borrokan segitzea. Borroka armatua utzi genuen, baina borroka ez da bukatu, eta militante abertzale bakoitza arma bat da, etsaien aitzinean izateko». Herriak bizi behar du leloa gogoan hartu du: «Herria bizi da, eta gure baitan dago. Borroka da bide bakarra!».Â