Argi dute Itsasuko (Lapurdi) Goooxoan elkartekoek: Txomin Olhagarairen omenez egindako murala ezabatzearen kontra dira, eta «ahalegin guziak» eginen dituzte hura defendatzeko. «Eta badakigu ez garela bakarrik izanen», adierazi dute, Euskal Herri osotik jaso dituzten sostengu mezuei eskerrak emanez. Prentsaurrekoa egin dute asteazken goiz honetan, murala margotua den Sanoki gela aitzinean. Simon Fetet prefetaren jarrera gaitzetsi dute, eta larunbatean eginen duten manifestaldian parte hartzera deitu dituzte herritarrak.
Elena Etxeletek eta Mikel Barriosek hartu dute hitza, beste hainbat herritar gibelean zituztela. Oroitarazi dute haiena izan zela iniziatiba, eta eskerrak eman dizkiote herriko etxeari, margolana egiteko baimena eman zietelako. Adierazi dute «sorpresaz» hartu zutela prefetaren salaketa. «Margolan hau, gure herriaren historia eta memoria bizirik atxikitzeaz gain, denboran zehar gure arbasoek defenditu dituzten eta guk gure egiten ditugun balioak aldarrikatzeko egina izan da», esplikatu dute. «Muralean idatzia den lemak dioen bezala, herri bat gara, gure hizkuntza propioarekin, eta libre bizi nahi dugu», adierazi dute. Era berean, azpimarratu dute obra hori ez dela nehori eraso egiteko edo nehor mintzeko egina izan, Euskal Herriko errealitate bat plazaratzeko baizik.
Pirinio Atlantikoetako prefeta berriak Itsasuko margolana estreinatu zuten egun berean hartu zuen kargua, eta hura ezabatzeko agindua eman zuen berehala. «Zure axola bakarra Euskal Herrira jinez herri hau nagusitasun osoz Frantziako Errepublikaren mendeko ezartzea da», leporatu diote Goooxoan elkartekoek. «Txominen izana zikintzeko erabili dituzun gezurrezko hitzak gaitzesten ditugu; Txominek herriaren alde aritzeko izan zuen maitasuna oroitu nahi dugu».
Prefetari buru egin diote
Gogor aritu dira prefeta berriaren kontra Goooxoan taldeko kideak. Bat bestearen gibeletik salatu dituzte poliziak eta kontrolak ezartzea Euskal Herriko mugetan, euskara ofizialki aitortu nahi duten herriko etxeen kontra jotzea, eta Itsasuko Herriko Etxeari auzibideak irekitzeko mehatxua egin izana. «Guk herri libre, plural, parekide eta solidario bat eraikitzeko gogoa dugularik, zuk mehatxuak, kondenak, indarkeria eta debekuak baizik ez dituzu proposatzen. Zuk eta zure aitzinekoek herriarentzat aterabide edo ezagupenik ez duzue sekula! Eta horrek argiki adierazten du problemaren parte zarela», egotzi diote prefetari.
Prentsaurrekoan nabarmendu dute Euskal Herrian gatazka politikoaren «ondorio larriak» izan direla: hildakoak, desagertuak, iheslariak, deportatuak, presoak, torturatuak... «Oraindik auzi anitz gelditzen dira konpondu gabe. Horregatik, zinez uste dugu auzi horiek konpontzen laguntzea izan beharko litzatekeela zuen zeregina, auzi berriak sortu, salaketak pausatu eta polemika piztu beharrean. Besteak beste: non dira [Jean-Louis Larre] Popo, [Jose Migel Etxeberria] Naparra eta [Eduardo Moreno Bergaretxe] Pertur? Zer gertatu zitzaion Jon Anzari? Noiz hartuko dituzue zuen erantzukizunak inongo legerik errespetatu gabe deportatuak izan diren eta oraindik deportaturik segitzen duten euskal herritarrekiko? Eta iheslarien itzuleraren, preso politikoen askatasunaren eta beste hainbertze auzien inguruan?», galdetu dute.
Memorian egin dute azpimarra, azken hamarkadetan Euskal Herrian izan den historia ezagutzeko beharrean. «Nondik heldu garen jakin behar dugu, nora joan nahi dugun jakiteko. Eskoletako programetan gure historia irakasten ez bada, gure murruek transmiti dezatela».