Txomin Ziluagaren bizitza politiko eta pertsonala jaso dute liburu batean

Alexander Ugalde EHUko irakasleak idatzi du liburua: 'Txomin Ziluaga. Dignidad y compromiso con el pueblo vasco'.

Gaur arratsaldeko aurkezpena, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
Gaur arratsaldeko aurkezpena, Bilbon. MIKEL MARTINEZ DE TRESPUENTES / FOKU
2026ko azaroaren 19a
19:26
Entzun 00:00:00 00:00:00

Txomin Ziluaga ezker abertzaleko militante historikoaren ibilbidearen nondik norakoak jaso ditu Alexander Ugalde EHUko irakasle ohiak Txomin Ziluaga. Dignidad y compromiso con el pueblo vasco (Txomin Ziluaga. Duintasuna eta Euskal Herriarekiko konpromisoa) liburuan. Gaur aurkeztu du Bilbon, Iratxe Perea EHUko irakaslearekin, Ane Eslaba Txalapartako editorearekin eta EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegirekin batera. Hain zuzen, Otegik idatzi du liburuaren hitzaurrea.

Ziluaga ezker abertzaleko figura garrantzitsuenetako bat izan zen joan den mendean. ETAren Bulego Politikoko kide izan zen 1960ko hamarkadan, eta espetxean izan zuten frankismoaren azken urteetan. Gerora, Hasi alderdiko idazkari nagusi izan zen, baita KASeko eta Herri Batasuneko kide ere, besteak beste. Hala, 1984ko Eusko Legebiltzarrerako eta 1986 Espainiako Kongresurako bozetan eserleku bana eskuratu zuen.

Hain zuzen, liburuan haren ibilbide politikoa landu du Ugaldek, baina baita pertsonala ere. Horretarako, dokumentazio ikerketa zabal bat egin du, prentsa artikuluak, Ziluagaren idazki pertsonalak eta testigantzak oinarri hartuta. Era berean, aukera baliatu du Euskal Herriaren historia hurbilaren gaineko kontaketa bat egiteko ere.

Ugalde Historian lizentziaduna da, eta Zientzia Politikoetan eta Soziologian doktorea. EHUko Nazioarteko Harremanen arloko irakasle ohia da, eta Euskal Herria, Europa eta Amerika: Lotura eta Harreman Atlantikoak taldeko kidea. Bere lan lerro nagusiak Euskal Herriaren historiari eta nazioarteko ikerketei lotutakoak izan dira, eta gai horien inguruko zenbait liburu idatzi ditu. Horrez gain, arlo politikoan, ezker abertzaleko kide ere izan da.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA