Txorrotako ur uherra ez edatea gomendatu dute Gasteizen

Hodi baten hausturak uholde handia eragin du San Kristobal auzoan, eta ura inguruko garaje eta beheko solairuetara iritsi da. Matxuraren ondorioz, etxe askotan txorrotako ura zikina ateratzen ari da.

EDATEKO URA
BERRIA
edurne begiristain
2026ko azaroaren 14a
13:25
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ur-hornidurako hodi bat lehertu da gaur goizean Gasteizko San Kristobal auzoan, eta uholde handia eragin du Zumakadi ibilbidearen eta Izardui komandantearen kalearen arteko bidegurutzean. Urak errepidea hartu du, inguruko garaje eta beheko solairuetara iritsi da, eta trafikoa ere oztopatu du.Tranbiaren zerbitzuan ere eragina izan du matxurak.

Goizeko 11:00ak aldera gertatu da ezbeharra, 30 zentimetro inguruko diametroa duen hodia apurtu denean. Urak indar handiz egin du gainezka, eta suhiltzaileek esku hartu behar izan dute kalean pilatutako ura kentzeko. Udaltzainek, berriz, trafikoa bideratu dute, eta Amvisa ur-banaketa agentziako teknikariak matxuratutako hodia konpontzeko lanean aritu dira.

Matxurak ur-horniduran ere eragina izan du. Amvisak ohartarazi du uraren ohiko zirkulazioa aldatzeak iturriko ura uhertzea eragin dezakeela. Horregatik, txorrotako ura garbia atera arte hura ez kontsumitzeko aholkua eman du. Oraingoz, ez dute zehaztu hiriko zer eremutan antzeman daitekeen arazoa, ezta uraren uhertasunak zenbat iraun dezakeen ere.

Hodiaren hausturak ur asko pilatu du Zumakadi pasealekuaren eta Comandante Izarduy kalearen inguruan. Uholdeak inguruko garaje eta beheko solairu asko hartu ditu.

Zirkulazioan ere izan dira arazoak San Kristobal auzoan. Udaltzaingoak trafikoa bideratu behar izan du, eta tranbiaren zerbitzuan gorabeherak izan dira. Oraindik ez dute zehaztu zer nolako eragina izan duen garraio publikoan, ezta BEI autobusak ibilbidea aldatu behar izan duen ere.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA