Hamar hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorra galdegin dute U14ko lau kideren kontra

Poliziaren kontrako jarrerak leporatu dizkiete, joan den urtean Ezpeletan egindako manifestazioaren harira. Lau auzipetuen abokatuak horien kargugabetzea galdegin du, baita prozeduraren baliogabetasuna salatu ere. Datooren otsailean emanen dute erabakia.

U14 kolektibo lau kideak haien abokatuarekin, gaur, Baionako auzitegian. PATXI BELTZAIZ
U14 kolektibo lau kideak haien abokatuarekin, gaur, Baionako auzitegian. PATXI BELTZAIZ
Leire Casamajou Elkegarai
BAIONA
2026ko azaroaren 17a
18:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste behin, U14 kolektibo independentistako kideak Baionako auzitegian epaitu dituzte. Lau militante izan dira honakoan, 2025eko uztailaren 14an Ezpeletan antolatutako manifestazioko gertakarien harira: Poliziaren kontrako jarrera izatea leporatu diete auzipetuei. Fiskaltzak hamar hilabeteko gibelapenezko kartzela zigorra galdegin du bakoitzaren kontra, hiru urtez Pirinio Atlantikoetako departamenduan manifestatzeko debekua, baita herritartasun ikastaroa egitekoa manua ematea ere. Ilazki Ortego abokatuak haren bezeroen kargugabetzea galdegin du, prozedura baliogabea delakoan. 2027ko otsailaren 23an emanen dute erabakiaren berri.

Zakurrak akabatu. Hori zioen gaur auzipetutako lau militanteek ustez Ezpeletako jendarmeriaren aitzinean pausatu zuten banderolak. Eta, hain zuzen, banderola hori izan da auziko eztabaiden oinarrian, mezu horren ondorioz kontsideratu dutelako polizien kontrako heriotza mehatxuak egin dituztela. Ortego luze eta zabal mintzatu da lelo horretaz: «Zergatik gaude hemen, egiazki? 200 bat pertsonak molde baketsuan manifestatu dutelako, eta banderola bat ezarria izan delako. Besterik ez. Gainera, dosierrean nehon ez da zehaztua nork egin duen banderolaren itzulpena, baina gaizki dago, euskaldun orok argi du: akabatu hitzak bukatu erran nahi du, eta Polizia instituzioaren bukatzea aldarrikatzen da».

Ortegoren ustez, nehor ezin da kritika politika batengatik kondenatu, hori ahalbidetzen duelako, normalean, adierazpen askatasunak. Prokuradoreak bestela iritzi dio, haren ustez «manifestazioa aski lasaia» izan bazen ere banderola horren edukia «biziki bortitza» izan zelako. Eta, gehitu du jendarmeak ez direla sinbolo hutsa, baizik «engaiatzen diren emazte eta gizonak». Orduan, ezin zaiela eraso. 

Dena dela ere, Ortegok salatu du lau militanteen kontrako operazioa «neurrigabea» izan dela hatsarretik. Oroitarazi du nola Polizia lau auzipetuen etxeetara sartu zen urtarrilaren 6an, eguna argitu gabe zegoela: armak burura zuzendu zizkien, ohean lo zirela. «Halako jokamolde eta galdeak militanteen kontra dira beti, azken asteetako manifestariekin ikusi ahal izan den bezala. Horien kargugabetzea galdegin dut, baita eginmolde horiek gelditzea ere, ez baitira konbentzionalak eta ez dutelako Europako legedia errepetatzen».

Prozedura baliogabea

Behin eta berriz Europako legediari erreparatu dio Ortegok, haren ustez huts anitz izan baitira lau auzipetuen kontrako prozeduretan. Zehazki, heriotza mehatxuaren karguaz aparte, Poliziari iraindu izana leporatu diete lauei, atxiloketa denboran hatz markak ematea ukatu izana, baita horien mugikorretara sartzeko pasahitzak ematea ukatu izana ere; lauetako biri, gainera, manifestazio denboran begitartea tapatu izana leporatu diete.

Baina Ortegoren ustez, biziki zalantzagarria da, adibidez, mugikorretara sartzekoa kodigoak eskatu izana bera, bizi pribatuari eta familia biziari eragiten baitio. Hain zuzen ere, Ortegok Europako justizia auzitegia aipatu du argudiatzeko poliziek ez zutela zertan datu horiek atxilotuei galdegin. Gainera, gaitzetsi du manifestazio egunean poliziek oineko kamarak rabili izana nehori abertitu gabe, legeak aurreikusten bezala. Elementu inportantea da hori, irudi horiei esker muntatu baitute dosierra lau auzipetuen kontra.

Hala ukatu dituzten galdeei begira, nola auzipetuen indetifikazioari begira, Ortegok karguen baliogabetzea galdegin du. Gainera dosierretan anitz nahaste izan baitira, auzipetuen izenen artean ez ezik, bat edo bestea atxilotu duten komisarien izendapenean ere. «Seriostasun gutirekin» osatutako dosierra, Ortegoren ustez.

Auzia bukatzean, auzipetuek oraino hor zituzten auzigelara sartu baino lehen elkartasunez elkarretaratu ziren zenbait militate. 200 bat pertsona izan dira U14ko kideek jasaten duten errepresioa salatzen. 

Aurrekari penalak

Ez da lehen aldia Frantziako Estatuak U14 kolektiboaren aurka egiten duena. Lehenago ere hainbat kide atxilotu dituzte. 2023an Donibane Lohizunen egin zuten manifestazioaren ondotik, prefetak kolektiboaren aurka egitera deitu zuen Baionako prokuradorea, eta 2024ko martxoan sei kide atxilotu zituzten. Urrian epaitu zituzten, eta gibelapenezko kartzela zigorra eman.

Ezpeletako joan den urteko manifestazioan auzi hori ere salatu zuten: «Ikuspegi zabalagoari erreparatuta, gure inguruko hainbat mugimendu iraultzailek eta herri mugimenduk jasaten dute errepresio egituratua gaur egun: Marieneak, Euskal Herrian Euskaraz-ek eta ageri ez diren beste hainbatek. Gure iritziz, kasu horiek ez dira bakanak; horregatik, guk ere modu kolektiboan antolatu eta erantzun behar dugula sinesten dugu, betiere gure bide politikoa instituzioetatik kanpo ulertuta».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA