Dozenaka lagun bildu dira Azkaineko (Lapurdi) merkatu estalian, salatzeko Armistizioaren Eguna Frantziako Estatuak «inposatu» besta egun bat dela. U14 kolektiboko kideek salatu dute Lehen Mundu Gerlan izan ziren euskaldunak Frantziak hil zituela, eta geroztik bai Europak eta bai AEBek estrategia inperialista bera erabiltzen dutela; Palestinako genozidioa aipatu dute horren adibide gisa. Haien erranetan, Euskal Herriak pairatzen duen «zapalkuntza nazionala» eta «soziala» irudikatzen du azaroaren 11k.
Izan ere, oroitarazi dute Lehen Mundu Gerlan hil ziren frantsesak omentzeko baliatzen dutela egun hori, eta urtero-urtero Frantziako Estatuaren «handitasuna» eta «supremazia» lehen lerroan ematen dutela. Baina gogora ekarri dute Frantziak 6.000 euskaldun igorri zituela frontera, eta Frantziaren alde hil zirela, estatu horren parte izatera beharturik. «Iheslari eta intsumiso ugari izan arren, anitzek bizia galdu zuten, eta isuritako odolak eragin handia izan zuen frantses sentimenduan. Herriarentzat hil ziren: Morts pour la Patrie».
Azpimarratu dute frantziar izatearen sentimendua «azkartzeko» politika asimilatzaileak plantan eman zituztela: hil ziren euskaldunen izenak hil monumentuetan eman eta senideei «sinetsarazi» zietela komunitate baten parte zirela. Gainera, salatu dute euskaldunak ez zirela izan asimilazio prozesuaren biktima bakarrak. Frantziako kolonietako kasik 700.000 soldadu igorri zituzten frontera, hala nola senegaldarrak, marokoarrak, tunisiarrak, kanakak, indotxinarrak, madagaskartarrak eta abar. Gerla asimilazio politiko eta sinbolikorako tresna izan zela nabarmendu dute. «Frantsesa ez zena frantses sentiarazteko prozesu bortitz bat izan zen».
Gerla «programatuak»
Euskaldunak asimilatzeko prozesua «planifikatua, antolatua eta bideratua» zela gehitu dute U14ko kideek. Hala, uste dute Europako estatu inperialisten etengabeko hedatzearen ondorio zuzena zela. Horri loturik, gogora ekarri dute inperialismoa dela kapitalismoaren «fase gorena», eta prozesua gara dadin hazkunde ekonomikoa beharrezkoa dela. Gainera, argi dute Lehen Mundu Gerlan Europako inperioak finkatzeko abiaturiko estrategiak egun indarrean direla oraino. Preseski, AEBak Israelen indar militarrekin Palestinan gauzatzen ari diren genozidioa hartu dute hizpide, baita Europara begira jarri ere, eta adierazi dute martxan dela armadak berrarmatzeko prozesua. «Langileen bizi baldintzak hobetzeko aski diru ez omen da, baina izugarrizko dirutza inbertitzen da armagintzan».
Oro har, Frantziak inposatu besta egunaren karietara, gerlaren erabilpen «inperialista eta asimilatzailea» deitoratu dute. Hori bakarrik ez: beharrezkoa ikusten dute mobilizatzea gerlan izan erailketen erantzuleei aurre egiteko, eta bake «faltsuak» alde batera utzirik borrokan «aitzina» segitzeko deia zabaldu dute.
Elkarretaratzea Baionan
Ipar Euskal Herriko Gazte Koordinakunde Sozialistak deiturik, dozenaka pertsona bildu dira Baionako merkatu plazan. Frantziako «inperialismoa» goraipatua den egunean haiek deus ez dutela ospatzeko nabarmendu dute.
Horren harira, Lehen Mundu Gerlan bezala egun ere gerla inperialistek «burgesia handiaren interesak» defendatzen dituztela salatu dute, eta ondorioak langile klaseak pairatzen dituela erran. Beraz, Europako egungo jokalekua ikusirik, gerla inperialisten kontra mobilizatzeko deia zabaldu dute. «Lehen eta orain, gerlari gerla! Kapitalisten gerlari aurre egin!»