UAGAk alegazioak aurkeztu dizkie Arabako hiru instalazio fotovoltaikori

Nekazarien sindikatuak Vitoria Solar, Vitoria eta Ubalza II zentral fotovoltaikoen proiektuen aurka egin du. Salatu du ez liratekeela bideragarri izango berriztagarrien lurralde plan sektoriala indarrean balitz.

Erriberabeitiko Ekian eguzki parkea, artxiboko irudi batean.
Erriberabeitiko Ekian eguzki parkea, artxiboko irudi batean. ENDIKA PORTILLO/FOKU
Gorka Berasategi Otamendi.
2025eko maiatzaren 23a
11:48
Entzun 00:00:0000:00:00

UAGA Arabako Nekazarien Elkarteak hiru zentral fotovoltaikoren aurkako alegazioak aurkeztu ditu aste honetan, ohar bidez jakinarazi duenez. Vitoria Solar, Vitoria eta Ubalza II proiektuei aurkeztu dizkio alegazioak. Ohartarazi duenez, egitasmo horiek nekazaritzarako balio handikoak diren 130 hektarea hartzen dituzte Barrundian eta Agurainen (Araba), eta horri gehitu behar zaio argindarra ebakuatzeko lineak Arratzua-Ubarrundian, Burgun, Iruraiz-Gaunan eta Gasteizen izango lukeen eragina.

«Proiektu guztiek balio estrategiko handiko eta trantsizioko panda paisaia gisa sailkatuta dauden lurzoruei eragiten diete, eta erabat bateraezinak dira Nekazaritza eta Elikadura Politikako Legearekin eta Nekazaritza eta Basogintzako Lurralde Plan Sektorialarekin», salatu du sindikatuak. Gainera, nabarmendu du azpiegitura fotovoltaikoak Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala (LPS) indarrean jarri aurretik ari dela tramitatzen, eta plan haren «funtsezko alderdi batzuk» urratzen dituztela. 

UAGAren esanetan, plana onartuta egongo balitz, kontuan hartu beharko litzateke, batetik, azpiegitura fotovoltaiko horien proiektuak eskala handiko instalaziotzat hartuko lituzkeela, hamar hektareako okupazioa gainditzen dutelako. Bestetik, aintzat hartu beharko litzateke hartuko luketen eremuak «erabilera debekatuko lurzoru» gisa sailkatzen dituela LPSak, eskala handiko ekoizpenerako.

Energia Berriztagarrien LPSa iazko abenduan onartu zuen behin-behinean Eusko Jaurlaritzaren Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailak, 4.000 alegazio inguru baztertu ostean. Azken onarpenaren zain da orain. Horretarako, EAEko Lurralde Antolaketarako Batzordearen txostena jaso behar du lehenik, eta plana dekretu bidez onartu ondoren, gobernu kontseiluan.

«Neurrigabea»

UAGAren iritziz, Araban hiru proiektu fotovoltaiko aldi berean tramitatzen aritzeak erakusten du energia berriztagarrien ezarpena «neurrigabea eta zentzugabea» izaten ari dela. «Kontuan izan behar da 15 kilometroko erradioan hamar instalazio fotovoltaiko daudela martxan edo tramitazio prozesuan». Egitasmoei bide emanez gero, LPSaren aginduak «hilda jaioko lirateke» sindikatuaren ustez, ingurumenean, paisaian eta biztanleriarengan izango luketen eraginagatik.

Erakundeek lehen sektorea «babesgabe» utzi izana gaitzetsi du, bestalde. Elikagaiak produzitzeko lurrei erabilera aldatzeko «presio espekulatiboa» dela eta, neurriak eskatu ditu. UAGAk indarrean den araudiaren gabeziatzat jo ditu haren «behin-behinekotasuna» eta «segurtasunik eza». Adierazi du proiektu fotovoltaikoen «makroolatua» bateraezina dela nekazaritza jardueraren babesarekin. «Beraz, eskura ditugun baliabide guztiak erabiltzen jarraituko dugu lurralde garapen bideraezin bati aurre egiteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.