ENERGIA BERRIZTAGARRIAK

UAGAk ere alegazioak jarri dizkie Solariaren plakei eta goi tentsioko lineari

Proiektuek hainbat plan eta lege urratzen dituztela argudiatu dute. Eusko Jaurlaritzak bi parke fotovoltaikori administrazio baimena eman die Araban.

Eguzki parkea, Erriberagoitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
Eguzki parkea, Erriberagoitian. ENDIKA PORTILLO / FOKU
inaut matauko rada
2025eko abuztuaren 12a
11:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Joan den hilabetean, Solaria enpresak berriro aurkeztu zituen Zierbena Solar 2, 3 eta 4 eta 124 kilometroko goi tentsioko linea egiteko proiektuak, aldaketa batzuekin, eta UAGA nekazarien sindikatuak berriro alegazioak aurkeztu dizkie, uste baitute «irregulartasun berberak» dituztela. Enpresaren eredua oraindik ere «jasanezina» dela nabarmendu dute, eta gehitu dute bateraezina dela Arabako lehen sektorearekin.

UAGAk zerrendatu egin ditu haren ustez Solariak urratu dituen planak. Lehenik eta behin, uste dute EAEko Nekazaritzako eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialaren kontra doala proiektua, bereziki balio estrategiko handiko 140 hektarea baino gehiago hartuko dituelako. EAEko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala urratzen duela ere nabarmendu dute, «eskala handiko» azpiegiturak direlako, eta ez dituztelako errespetatzen planaren esklusio zonak.

Horiez gain, Eusko Jaurlaritzaren 2030erako Energia Estrategia, Ingurumen Ebaluazioaren Legea eta Sektore Elektrikoaren Legea ere urratzen dituztela uste dute, Solariaren plantek 2030erako ezarrita dauden helburuak gainditzen dituztelako, enpresak aurkeztutako dokumentazioak «hutsune esanguratsuak» dituelako eta 50 megawattetik gorako potentzia duten azpiegiturak onartzea Madrili dagokiolako. Hori da plataforma eta eragile askok Solariari egotzi izan diotena, lege iruzurra egitea. Izan ere, potentzia horretatik gorako proiektuak Madrilek kudeatu behar dituztenez, enpresari leporatu diote proiektu handi bat txiki batzuetan zatikatzea, tramitazioa Eusko Jaurlaritzaren esku egon dadin.

Azkenik, nabarmendu dute proiektuak ez daukala nahikoa justifikaziorik, ez delako, «legeak dioen moduan, zentzuzko alternatibarik aztertu».

Bi parke aurrera

Eusko Jaurlaritzak aurretiazko administrazio baimena eman dio Ventaja Solar 8 enpresari, Oionen (Araba) egin nahi duen 3,2 megawatteko parke fotovoltaikoa egin ahal izateko. 6.692 modulu izango ditu, eta enpresak hamabost hilabeteko epea du orain eraikitzeko baimena jasotzeko.

Bestalde, Bailen Energia enpresak ere Amurrion (Araba) parke fotovoltaiko bat egiteko baimena jaso du, baina, kasu horretan, eraikitzeko baimena du jada. Muga izena du proiektuak, 1.680 modulu izango ditu, eta megawatt bateko potentzia izango du. Hiru urte dituzte azpiegiturak eraikitzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.