Uda iritsi baino lehen Espainiako Estatuko zentral nuklear guztiei erresistentzia probak egingo dizkietela iragarri du Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko lehen presidenteorde eta bozeramaileak. Estatuan dauden sei zentral nuklearrei eragingo die neurri horrek, horien artean Garoñakoari (Burgos). Perez Rubalcabak adierazi duenez, «sei horietako batek ez baditu eskakizunak betetzen, utzi egingo dio funtzionatzeari, besterik gabe».
Ministroaren iritziz, ordea, «erabateko segurtasunarekin» egiten dute lan zentral nuklearrek, eta haien inguruan dauden herrietako larrialdi planak ere «seguruak eta ondo landuak» dira.
Martxoaren 11n Japonian izandako lurrikararen eta tsunamiaren ondorioz Fukushimako zentral nuklearrean izandako istripuak eztabaida zabaldu du mundu osoan energia politikaz, eta zentral nuklearrei erresistentzia probak egitea erabaki du Europako Batasunak. Hain zuzen ere, eta WENRA Europa mendebaldeko segurtasun nuklearra arautzen duen erakundeak egindako gomendioari jarraiki, guztira 143 zentrali egingo dizkieteproba horiek hurrengo hilabeteetan.
Ixteko eskaera
Garoñako zentral nuklearra «berehala ixteko» eskatu zuen Eusko Legebiltzarrak martxoaren 15ean. Fukushimako istripua gertatu eta lau egunera eginiko bilkuran, PPk ez beste alderdi politiko guztiek bat egin zuten zentrala ixteko eskaerarekin: EAJk, PSEk, Aralarrek, Ezker Batuak eta EAk. UPDk ez zuen parte hartu bozketan
Bi urteko epean legebiltzarrak Garoña ixteko eginiko bigarren eskaera izan zen, 2009ko ekainean ere zentral nuklearraren jarduna ez luzatzeko eskatu baitzuen Gasteizko parlamentuak. Orduan, ordea, Espainiako Gobernuak Garoña ustiatzeko baimena lau urtez luzatu zion Nuclenorri, Garoña kudeatzen duen enpresari. Hark hamar urteko luzapena eskatzen zuen, eta talde ekologistek, aldiz, berehala ixteko.
Espainiako Gobernuak Garoña 2013. urtean itxiko duela agertu du.
Uda aurretik egingo dizkiote Garoñari estres probak
Alfredo Perez Rubalcabak iragarri du geldiarazi egingo dutela eskakizunak betetzen ez baditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu