Tinduf, Aljeria. Uda. 50 gradu. Eguzkia etxearen burdinazko teilatuaren kontra; etxea labe; izerdi tantak kopetan behera; nekez irten kalera jolastera. Hori da Mendebaldeko Saharako haurren egunerokoa hilabete beroetan. Udaro, Oporrak Bakean programaren bitartez, Euskal Herriko familiek etxeko atea irekitzen diete Mendebaldeko Saharako haurrei, eguzkiaren garretatik aldendu eta uda disfruta dezaten.
Aurten, espero baino bi aste geroago iritsi dira haurrak, pasaporte kolektiboekin arazo bat izan baitzuten. Itziar Goienetxea Pasai Donibaneko (Gipuzkoa) Bixi-bixi kultur elkarteko kideak Tindufeko kanpalekuan zegoela jakin zuen hegaldien atzerapenaren berri. Ekainaren 28an joan zen hara, elkarteko beste kide batekin, handik hiru egunera haurrekin itzuliko zirela pentsatuta. Aitzitik, hogei egun geratu behar izan zuten «sua darion infernuan». «Argi geneukan haurrekin itzuliko ginela», gogoratu du Goienetxeak, orain Euskal Herrian dagoela. «Hegaldia noiz izango zen jakin genuenean, poztu egin ginen, baina haserre handia ere sentitu genuen: haurrek udaren parte bat galdu dute».
«Harrera familiak behar dira haurrak infernu horretatik ateratzeko [Tindufeko kanpalekutik]»
ITZIAR GOIENETXEA Bixi-bixi elkarteko kidea eta harrera familia
Badira lau urte Goienetxea harrera familia dela. Argi eduki zuen Tindufeko kanpalekua lehen aldiz bisitatu zuenetik: aukera edukitzean, harrera familia izango zen. «Familiari esan nion haur bat ekarriko nuela, eztabaidarako aukerarik eman gabe», kontatu du, barrez. Tibak 8 urte zituen lehen aldiz Euskal Herrira etorri zenean; 11 ditu orain. Hasiera ez zen izan erraza: «Lehenengo urtea zaila izan zen, oso txikia zen eta. Azterketa medikoetan oso gaizki pasatzen zuen, eta familiari deitzen zion bakoitzean negar egiten zuen». Egunek aurrera egin ahala, ordea, Tiba gero eta erosoago zegoen Pasai Donibanen eta, gaur egun, «herriko beste bat» da: «Den-dena euskaraz egiten du. Herriko festen hasieran agurra ere dantzatu du dantza taldearekin». Tiba herriko frontoian dago, pilota partida ikusi nahi eta.
Frontoian dago Moises Celades ere, Tiba eta Wuajba gainerako haurrekin nola jolasten diren ikusten. Goienetxea bezala, Bixi-bixiko kidea da Celades ere, eta lehen uda du harrera familia moduan. Kanpalekuan egondakoa da, eta gertutik ezagutzen du hango egoera. «Nire familiarekin hitz egin eta gero, eta gure egoera baloratuta, pausoa eman nuen», esan du Celadesek. Wuajbak 10 urte ditu. Ez du lehen aldia Euskal Herrian, iaz ere etorri baitzen. Dena dela, aurtengo familia berria du, eta lehen asteak egokitzeko izan dira. «Ez da erraza: bere ohiturak ditu, bere elikadura... Esperientzia bizia bezain polita eta aberasgarria izaten ari da», azaldu du Celadesek.

Kanpalekuan bizi diren familiek janaria eta ura murriztuak dituzte, eta argindarra eten egiten da maiz. Horri udako beroa gehitu behar zaio. Honela deskribatu du Goienetxeak: «Desertu hutsa da kanpalekua udan. Ez dute etxetik atera nahi. Tea da sozializatzeko duten modu bakarrenetarikoa». Badute Internet, baina: «Internetekin, okertu egin da egoera, ahal duen haurrak sakelakora jotzen baitu mundua ikusteko, beraien kulturak ematen diona ikusi ordez», azaldu du Goienetxeak.
Aurten 213 haur etorri dira Hego Euskal Herrira, iaz baino 30 bat gehiago. Halere, harrera familiak falta direla azpimarratu du Goienetxeak, eta programan parte hartzeko gonbita egin du: «Familiak behar dira haurrak infernu horretatik ateratzeko. Gaixotasunak saihesteko moduaz gainera, betiko izango duen familia bat ematen diozu haurrari. Eta hark zuri beste bat».
Aterpetxeak ere harrera familia
Haur guztiek, baina, ez dute harrera familiekin igarotzen uda. Etorri diren haurretatik 60 inguru aterpetxeetan daude. Lau lekutan banatuta daude: hiru Bizkaian eta bat, estreinakoz, Gipuzkoan. Zerainen dago azkeneko hori. «Konturatu ginen Goierrin [Gipuzkoa] ez zegoela harrera familiarik, baina kudea genezakeela aterpetxe bat, aurrerago familiak animatuko zirela pentsaturik», azaldu du Maria Rodriguezek, Horbel kooperatibako eta Oporrak Bakean-eko kideak. Lehen aldia izateko, «oso ona» izan da herrian jasotako harrera.
«Konturatu ginen Goierrin [Gipuzkoa] ez zegoela harrera familiarik, baina kudea genezakeela aterpetxe bat, aurrerago familiak animatuko zirela pentsatuta»
MARIA RODRIGUEZ Horbel kooperatibako eta Oporrak Bakean-eko kidea
Mendebaldeko Saharako hamabi haur daude Zeraingo aterpetxean. Rodriguezek argi du familia batek arreta pertsonalizatuagoa ematen diela, baina, era berean, harro esan du aterpetxeak autonomia ematen diela haurrei, eta haien egokitzapena errazten duela. «Zaintza sare garrantzitsu bilakatu dira bata bestearentzat. Elkarrekin komunikatzen dira», nabarmendu du.
Familiek hartutako haurrek bezala, aterpetxeetakoek ere medikutara joateko aprobetxatuko dute uda, baina aisialdiari garrantzirik kendu gabe: «Oraingoz igerilekura joan gara, baita Ordiziako gazte festara eta Zeraingo udalekuetara ere. Plan asko ditugu».