Udako jaietan ere Palestina gogoan izatera deitu dute

Gernika-Palestina taldeak 'Elkartasun zapia' kanpaina aurkeztu du; Euskal Herrian festak antolatzen ari den oro animatu dute egitasmoaren parte izatera.

Gernika-Palestina egitasmokoen prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. GERNIKA-PALESTINA
Gernika-Palestina egitasmokoen prentsaurrekoa, gaur, Gasteizen. GERNIKA-PALESTINA
Irati Urdalleta Lete.
2025eko ekainaren 21a
16:56
Entzun 00:00:0000:00:00

Uda gerturatu ahala, festak ere ugaritzen ari dira herriz herri. Baina, jai giroan egonagatik ere, Gernika-Palestina taldeak ez du nahi Palestinaz ahaztea, eta festetan ere hango egoera salatzera deitu ditu herritarrak: «Gure herriko jaietan Palestinaren aldeko aldarria presente egotea da helburua».

Horretarako, Gernika-Palestina herri ekinaldiak Elkartasun zapia kanpaina aurkeztu du, Euskal Herriko hiri, herri eta auzoetako jai eragileekin elkarlanean. Zapi solidario batzuk dira; hainbat jaitan salgai egongo dira, eta, Palestinako egoera ikusgai egiteko ez ezik, «elkartasun ekonomikoa bideratzeko» ere izango dira. Dagoeneko hainbat herri animatu dira egitasmoaren partaide izatera, eta falta direnei ere egin diete deialdia.

Dena dela, egitasmo hori ez da elkartasunerako bide bakarra izango. Nabarmendu dute bideak landuko dituztela, «ahalik eta modu zabalenean» salatzeko Palestinako egoera, baita elkartasuna adierazteko ere: «Iruñeko herritarrek hori egin berri dute Yala Nafarroaren izendapenaren bitartez; egin dezagun Euskal Herriko gainontzeko hiriburuetan eta herriz herri ere, txupinazoetan eta bestelakoetan».

Izan ere, Gernika-Palestinaren irudiko, badago protestarako arrazoirik: «Ez da geldirik egoteko garaia. Israelen inpunitatea amaitu behar da, baita horretarako presio eraginkorra sortu ere, Palestinako herriak bere eskubideen jabe izan behar du eta. Krisi humanitarioari aurre egiteko, ezinbestekoa da elkartasuna. Gure jaietan ere, genozidioa stop!». Eta datuak gogorarazi dituzte: 55.637 pertsona hil dituzte, horietako milaka umeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.