Imanol Landa. Eudeleko presidentea

«Udal kudeaketa esparru egokia da topaguneak bilatzeko»

Landa baikorra da EH Bilduk Eudelekin dituen desadostasunak gainditu eta sentsibilitate politiko guztiek udalen elkartean bat egiteko aukeraz; «egokia eta desiragarria» izango litzatekeela uste du.

gotzon hermosilla
Bilbo
2015eko urriaren 27a
00:00
Entzun
Bilbon jaiotzea egokitu zitzaion arren, Imanol Landak (1966) Getxon (Bizkaia) ditu sustraiak, hangoak zituelako gurasoak eta han bizi izan delako beti. Getxoko alkatea da 2007tik, eta orain beste ardura bat du gainean, joan den irailean Eudel euskal udalerrien elkarteko presidente aukeratu baitzuten.

Orain, ardura biak uztartu behar ditu, eta, beretzat udalean egin beharreko lanak lehentasuna duen arren, ondo daki Eudelen ere badituela askatu beharreko korapiloak: horietako bat, sentsibilitate politiko guztiak Eudelen batzeko ahalegina, aspaldikoak eta ezagunak baitira EH Bilduk gainerako indar politikoekin dituen desadostasunak horren inguruan.

Eudeleko presidente hautatu zaituzte EAJko, PSE-EEko, PPko eta alkate independenteak biltzen zituen zerrenda batean. Zaila izan zen adostasun zabal hori erdiestea?

Nik eskertzen dut adostasuna lortzeko egindako ahalegin hori, garrantzitsua baita udaletako aniztasuna, eta horren bidez herritarren artean dagoen aniztasuna ere bermatzea. Horregatik, batzar horretan, nire lehenengo hitzaldian esan nuen ateak zabalik egongo zirela sentsibilitate guztiak Eudelen egon daitezen.

EH Bildurentzako mezua zen hori?

Bai, argi eta garbi. Desiragarria eta egokia da denok bat egitea eta barruan egotea udalen alde lan egiteko. Udal kudeaketa da esparru egokienetako bat sentsibilitate politiko desberdinen artean topaguneak bilatzeko. Nik uste dut alkateen artean badagoela berezko enpatia bat, denok arazo berdinei aurre egin behar diegulako. Komunikazio erraza sortzen da hor.

EH Bilduko eledunek ere borondatea agertu dute konponbide bat lortzeko.

Nik oso ondo baloratzen dut Laudioko alkateak [Jon Iñaki Urkixo]batzarrean bertan esandakoa EH Bilduren borondatearen inguruan. Hobetzeko diren esparruak aztertu beharko ditugu, eta ez daukagu inolako problemarik horretarako, baina topaguneak bilatu behar ditugu.

Nola daude orain harremanak? Luze gabe akordiorik egon daitekeela uste duzu?

Badakit harreman prozesu hori hasia dela, eta borondatea badagoela. Nik espero dut borondate horrek azkenean emaitzak izatea eta denok bat egitea Eudelen.

Eudelek ondo islatzen du udaletan dagoen aniztasuna? Azken hauteskundeetan Ahal Dugu-tik gertuko plataformek ordezkaritza zabala lortu zuten zenbait udalerritan, baina, alkatetzarik ez dutenez, arriskua dago Eudelen ordezkaturik ez egoteko.

Beti daude hobetzeko aukerak, eta ez dago inolako problemarik, beste zenbait esparrutan bezala, horretaz ere hausnarketa egiteko. Egia da Eudelen mintzaide naturalak alkateak direla, baina guk udalen autonomia errespetatzen dugu, eta zenbait arlotan guk eskatzen dugun gauza bakarra da udalek ordezkari bat izendatzeko, eta udalek erabakitzen dute ordezkari hori alkatea edo zinegotzia den. Udal batek gogoeta egiten badu eta erabakitzen badu aniztasun hori are gehiago bermatze aldera beste indar politiko bateko zinegotzi bat izendatzea, bere eskuetan dago hori. Edozein modutan, nahiko logikoa da Eudelek mintzaideak bilatzerakoan udalaren buruarengana jotzea.

Errefuxiatuen gaia aipatuz hasi zenuen izendatua izan osteko hitzaldia.

Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dut gizartean sortu den elkartasun sentimendu hori, inportantea delako. Azken finean, udalen betebeharra da gizartearen nahia jaso eta bultzatzea. Udal askok, herritarren sentimendu hori jasota, pausoa eman dute eta prest azaldu dira arazoari erantzun egokia emateko. Eudel badago Jaurlaritzak antolatutako lantaldean, beste erakunde eta gizarte eragileekin batera.

Egutegia zehaztuta dago?

Gai horretan estatuek dute giltza. Gu zain gaude, ez baitago gure eskuetan zenbat eta noiz etorriko diren. Bitartean, ari gara lana aurreratzen, erronka oso indartsua delako.

Talde feminista batzuek ez dute begi onez ikusi Jose Antonio Santano Irungo alkatea Eudeleko presidenteordea izatea, alardearen gaian duen jarrera dela eta. Izendapenaren egokitasuna gorabehera, zuk zeuk iritzirik ba al duzu Irun eta Hondarribiko alardeen inguruan?

Seguru asko, gaia aztertzeko herriaren errealitatea ezagutu behar da, ni asko harritzen bainau ikusteak arazoa hainbat urtez luzatzen dela, eta horrek zerbait adierazten du. Nik herriaren errealitate hori errespetatu behar dut, eta zaila egiten zait iritzia ematea, seguru asko ez dauzkadalako eskura osagai guztiak. Kanpotik ikusita, nik naturalki jotzen dut Emakundek eta Arartekoak duten jarrerara, baina berriro diot arazoak hainbeste irauten badu zerbaitengatik izango dela. Ni beti egongo naiz irtenbideak elkarriz- ketaren bidez bilatzearen alde.

Esperantza handia duzue legebiltzarrean eztabaidatu behar den Udal Legearen inguruan?

Ni itxaropentsua naiz, eta uste dut borondate politikoa badagoela lege hori agintaldia amaitu baino lehen aurrera ateratzeko, behar dugulako. Denbora larregi eman dugu Udal Legerik gabe. Gainera, autogobernuak geure udal eredua zehazteko aukera ematen digu, eta ez da gutxi; aukera hori baliatzen ez badugu, [Espainiako] erregimen orokorraren mehatxua dugu gainean, eta horren baldintzak askoz estuagoak eta udalen autonomiaren kontrakoagoak dira.

Zer ekarpen egin dezakete udalek bakearen eta bizikidetzaren arloan?

Nik esango nuke erabakigarriak garela. Gu leialak izango gara Jaurlaritzak bideratu nahi duen ekinbide horrekin, eta bat egiten dugu egiten duen interpretazioarekin, hots, politika orokorrak bultzatu behar direla baina udalerri bakoitzaren errealitatea aintzat hartu behar dela, udalerri bakoitzak baduelako bere ibilbidea. Bi bide horiek uztartu egin behar dira, eta poliki-poliki adostasunaren bidez aurrera egin.

Memoriaren Mapa egin du Jaurlaritzak, eta han agertzen diren biktimak omentzeko lana udalen esku gelditu da. Horretan ere, ikuspegi desberdinak eta iritzi kontrajarriak daude.

Oztopo horiek gainditzeko, ezinbestekoa izango da elkarrizketa eta adostasun guneak topatzea. Baina nik argi utzi nahi dut, lehendakariak egin duen moduan, ekinbide hau oinarrizko bi zutabetan finkaturik dagoela: bortxakeriaren zilegitasun falta agerian utzi behar dela, eta injustizia salatzeko ekinbidea dela. Bi zutabe horiek errespetatu egin behar dira, Jaurlaritzak bultzatutako ekinbide horretan bat egin nahi baduzu. Bi irizpide horietakoren bat aintzat hartzen ez baduzu, argi dago beste mota bateko ekinbide bat ari zarela bultzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.