EH Bilduk argibideak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari; egotzi dio EAEko udal legeak euskararen erabilera lehenetsi ahal izateko ematen dituen bideak «behar bezala ez defendatzea», eta udalei eta herritarrei kalte egitea, bereziki euskara nagusi den eremuetakoei. Izan ere, lehengo astean jakin zen Jaurlaritzak epez kanpo aurkeztu duela helegite bat eta, ondorioz, Auzitegi Gorenak irmo bihurtu duela EAEko Auzitegi Nagusiak 2023an eman zuen sententzia bat, udaletan euskaraz jarduteko araubideak baliogabetzen zituena. Epai hori 179/2019ko dekretuaren aurkakoa izan zen propio; testu horrek EAEko udal legea garatzen du hizkuntza irizpideei dagokionez, eta hainbat bide ematen dizkie tokiko erakundeei euskara lehenesteko. EH Bilduko legebiltzarkide Josu Azitiriak Jaurlaritzari leporatu dio «arduragabe eta zabar» jokatzea, eta Gobernantzako, Administrazio Digitaleko eta Autogobernuko sailburu Maria Ubarretxenari eskatu Eusko Legebiltzarrean azalpenak emateko. Premiazko agerraldia egin dezala eskatu du.
«Jaurlaritzak esan zuen dekretuaren defentsa egingo zuela, baina helegitea ez zuen garaiz aurkeztu», deitoratu du Aztiriak. Gogoratu du euskara sustatzeko politiken kontrako giroa harrotuta dagoela egun, eta, horiek horrela, bereziki kritikagarria dela Jaurlaritzaren portaera: «Autogobernuaren eta euskararen biziberritze prozesuaren aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatiko betean, geure erakunde publikoek eta hizkuntzak berak inoiz baino segurtasun juridiko eta babes handiagoa behar duten honetan, larria eta ulertezina da Jaurlaritzak udal legea defendatzeko oinarrizko prozedura judizialak ez betetzea eta epez kanpo aurkeztea hain garrantzitsua zen helegite hori».
Lehengo astean, ebazpenaren gaineko berriak zabaldu zirenean, Eusko Jaurlaritza ahalegindu zen zer gertatu zen esplikatzen. Esan zuenez, aurkeztu, aurkeztu zuen kasazio errekurtso bat, baina hura aurkezteko «epeen interpretazioan» ikuskera diferenteak izan ziren, eta horregatik ez zen onartu. Hala ere, garrantzia kendu nahi izan zion ebazpenari. «Uste dugu gertakari hau eta sortu den eztabaida ez direla erabakigarriak gure hizkuntza erregulazioaren etorkizunerako».
Auzibideak
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 179/2019ko dekretuaren hainbat artikulu baliogabetu zituen PPk abiatutako auzibide baten harira. Gorenak oraindik ebazteko du dekretu horren aurkako antzeko beste auzi bat, Voxek abiatutakoa. Izan ere, hainbat izan dira udal legeak ezarritako hizkuntza irizpideen kontra egiteko ahalegin judizialak. 2023ko uztailaren 6a jakin zen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batek udal legearen 6.2 artikulua baliogabetu zuela. Artikulu horrek modua ematen die udalei euskaraz jarduteko, hau da, barne funtzionamendurako agiriak-eta euskara hutsean egiteko. Urte hartako urriaren 17an izan zen EAEko udal legea euskararen arloan garatzen duen dekretuaren kontrako lehen epaiaren berri. Vox alderdi ultraeskuindarrak aurkeztutako helegite baten erantzuna izan zen ebazpen hura. Urriaren 19an, dekretuaren beste hainbat artikulu baliogabetzea ebatzi zuen. PPk jarritako helegite bati erantzun zioten orduko hartan. Orain, Gorenak berretsi egin du hori.
Eusko Jaurlaritzako iturriek lehengo astean adierazi zuten Gorenaren ebazpena ez dela «erabakigarria», baina euskalgintzako ordezkariek kezka azaldu zuten. Euskalgintzaren Kontseiluak gogoratu zuen erabakia «irmoa» dela, eta ebazpen horren ondorioz udalak «erabat babesgabe» geratuko direla hainbat jarduera euskara hutsean egiteko orduan. Horiek horrela, esan zuen Jaurlaritzak egindakoa «hutsegite larria» izan dela. UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari Martin Aramendik ere ebazpenaren ondorioez ohartarazi zuen, eta Jaurlaritzaren jarrera kritikatu. «Uler ditzakegu interpretazio ezberdinak eta hutsegite teknikoak, baina honek argi erakusten du hizkuntza politikak ez duela behar duen zentralitatea».