«Bukatu da amesgaiztoa, ametsak gauzatzeko garaia da». Ia zortzi urteko bide luzearen ostean, Udalbiltza auziko auzipetuek zama handia kendu ahal izan dute gainetik. Auzitegi Nazionalak urtarrilaren 20an kaleratutako absoluzio epaia irmoa da. Nahiz eta epai hori kaleratu eta berehala, Dignidad y Justicia elkarteak prentsa ohar bidez Auzitegi Gorenean helegitea aurkeztuko zuela iragarri zuen, azkenean ez du halakorik egin. Auzi saioan epaitutako hogei lagunek martxoan hasieran jaso zuten Auzitegi Nazionalaren erabakia, eta geroztik hilabete bateko epea zuten aldeek helegitea jartzeko. Epea amaitu da, eta ez Dignidad y Justiciak ez fiskalak ez dute errekurtsorik jarri.
Absoluzio horrekin, pozik azaldu dira epaituak izan diren euskal herritarrak, eta bere lehen adierazpenean, esker on hitzak izan dituzte: «Absoluzioa eta askatasuna posible izan badira, auzipetuekin batera hainbeste pertsonak egindako salaketa eta elkartasun lan eredugarriari esker izan da. Guztiei eskerrik beroenak», azaldu dute prentsa oharrean. Era berean, jakinarazi dute hurrengo astean auziaren inguruko irakurketa zabalagoa egingo dutela.
Haatik, gogora ekarri dute zortzi urte iraun duen auzi horrek eragin duen kalte guztia. 2003ko apirilaren 29an, Espainiako Auzitegi Nagusiko Baltasar Garzon epailearen aginduz, Udalbiltzaren aurkako prozesamendua hasi zen. Guztira, poliziek hamahiru lagun atxilotu eta espetxeratu zituzten, eta gutxienez sei hilabetez eta gehienez urte eta erdi egin zuten behin-behineko espetxealdian. Bermea ordainduta baldintzapeko erregimenean atera ziren kalera, eta, «Espainiako Estatutik ezin irtenda», urteotan aldiro epaitegietara joan behar izan dute sinatzera —batzuek bi astean behin, beste batzuek astero eta batek bi egunean behin—.
Orotara, 22 pertsona izan dira auzipetuak. 2003an, horietako lau alkateak ziren; beste hamabost, hautetsiak, eta hiru, udal langileak. Epaiketan, zigor eskaera handiei egin behar izan diete aurre: hamar eta hamabost urte artekoak fiskalaren aldetik eta 15-23 urte artekoak Dignidad y Justicia elkartearen aldetik.
Udalbiltza, «bahituta»
Kalte pertsonal horiez gain, auzibide luze hori jasan duten herritarren oharrean oroitarazi dute Udalbiltzaren, Udalbiltza Partzuergoaren eta Euskal Garapen eta Kohesio Funtsaren lana «eragotzi, oztopatu eta bahitu» egin duela auzi judizialak. Lehenik, bulego publikoak «bortxaz itxita»; bigarrenik, materiala kenduta; hirugarrenik, udalek partzuergoari emandako diru publikoa bahituta; eta, azkenik, herritarrek euren borondatez Zuberoa Garatzen egitasmorako zituzten 400.000 euroak bahituta.
'Udalbiltza auzia' behin betiko amaitu da, absoluzio epaia irmoa baita
Auzitegi Nazionalaren epaiaren aurka ez dute helegiterik aurkeztu, eta auzipetuek amesgaiztoa amaitu dela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu