'Bagabiltza' gogoeta prozesua abiatu zuen Udalbiltza Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarrak urte hasieran, eta amaitutzat eman du bide hori. Ondorioak azaroaren 18an aurkeztuko dituzte, Hernaniko Orona Ideon egingo duten batzarrean. Bertan aukeratuko dute instituzioa zuzenduko duen batzorde eragile berria.
Donostian eginiko prentsaurrekoan eman dituzte xehetasunak. 600 bat ekarpen inguru jaso dituzte hilabeteotan; gehienak, hautetsienak, baina baita eragile eta herritarrenak ere. Besteak beste, Udalbiltza erakunde "funtzionala eta erabilgarria" izatea nahi dute, Luix Intxauspe lehendakariak azaldu duenez.
Alaitz Aizpurua lehendakariordeak, berriz, gogora ekarri du prozesuaren abiapuntua; Udalbiltzak "egoera politiko berrira egokitzeko" beharrak bultzatuta hasi zuen Bagabiltza gogoeta fasea.