Ingururik baztertuena da. Gero eta biztanle gutxiago bizi dira euskal Pirinioetan; eta zaharragoak dira geratzen direnak. Zerbitzuak ere urriak dira, eta urrun daude gehienak. Egoera zein den argi du Udalbiltzak; eta, horregatik, bertako garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko programa abiatu du. Bigarrenez. Atzo zabaldu zuten Euskal Pirinioetan lan eta bizi programaren bigarren deialdia. Eskualdea garatzeko diru laguntzak banatuko dituzte berriz.
Programa handiagoa izango da bigarrena. «Diru laguntza jaso ahalko duten proiektuak gehiago izango dira: 20tik 28ra pasatuko gara», azaldu du Udalbiltzako lehendakariorde eta Baztango zinegotzi Maite Iturrek. Ez da aldatu duten gauza bakarra: «Orduan hartu genuen Pirinioetako esparrua ere handitu dugu. Iaz 103 herri sartu ziren, eta aurten 128 dira». Nafarroako Malerreka, Urdazubi eta Zugarramurdi herriak eta Garazi-Baigorri (Nafarroa Beherea), Iholdi-Oztibarre (Nafarroa Beherea) eta Zuberoako herri elkargoak osatzeko faltan zituztenak gehitu dituzte. Sartzea eskatu duenik ere bada: «Bidarraiko Udalak eskaera egin zigulako sartu dugu deialdian», esan du Iturrek. Otsailaren 16ra bitarte aurkeztu ahal dira proiektuak.
Pirinioetan inbertsio politika handitzeko eta tokiko garapen proiektuak lehenesteko asmoz, lankidetza hitzarmena sinatu du Udalbiltzak Cederna Garalur elkartearekin. Atzo sinatu zuten, Cederna Garalurrek Antsoainen duen egoitzan. Hitzarmenaren bidez, Euskal Pirinioetan lan eta bizi programan parte hartuko du elkarteak. «Aurreko kanpainan izandako esperientziaren ondotik dator sinatu dugun hitzarmena. Eskualdeetako eragile publikoentzat eta pribatuentzat garrantzi handia izan du, eta bi elkarteen arteko kolaborazioa era esplizituagoan gauzatzeko beharra ikusi genuen», azaldu du Jose Maria Aierdik, Cederna Garalurreko buruak. Iazko kolaborazioari esker, gainera, eskualdeko diagnosia ere egin ahal izan dute: «Bat egiten dugu garapena behar dela, eta aurrera egiteko ereduari buruz ere bat gatoz». Eragileen parte hartzean oinarritutako eredua nahi dute. «Behetik gorako eredua, zeinetan proiektuen kudeaketa eta diseinua bertako eragile ekonomiko eta sozialek gingo duten», azaldu du.
Bi aldeetako lankidetza
Aurten, Cederna Garalurreko teknikariek diru laguntzen berri eman, eta eskaera egiten lagunduko die proiekturen bat duten ekintzaileei. Ez da hartu duen konpromiso bakarra. Mertxe Aizpurua Udalbiltzako buruak azaldu duenez, eragileen adostasuna oinarri duten eta mugaz bi aldeetako lankidetza egonkorra sustatzeko dinamikak bultzatzeko konpromisoa ere hartu dute. «Dinamika horiek, gainera, mugaz bi aldeetako entitate iraunkorrak sortzeko bideak jarriko dituzte», azaldu du.
Hiru laguntza programa jarri ditu abian Udalbiltzak: Eragin, jarduera ekonomiko berriak sustatzeko programa; Elgarrekin, ehuntze programa, eta Garapen soziala, egitasmo sozialak sustatzeko programa. Guztira 120.000 euro banatuko dituzte, eta proiektua garatzeko tutoretza ere jasoko dute aukeratutakoek. Pirinioetako eskualdeetako garapenerako 66 egitasmo aurkeztu ziren iaz, eta horietako 19k jaso dute diru laguntza. Aezkoako Batzarra izan da onuradunetako bat, eta haien esperientzia azaldu zuen atzo Felix Jamar batzarreko buruak: «Aezkoa, Zaraitzu, Garazi eta Zuberoako eskualdeen artean proiektu bat garatu genuen. Aukeratu egin zuten». Sorpresa pozgarria izan zen harentzat, haiek aurkeztutakoaz gain, inguruko beste lau proiektu ere aukeratu zituztelako. «Ez da arazo denen konponbidea, baina baldintza hobeagoetan lan egiteko bidea ireki du», aitortu du.
Cederna Garalurrek, Euskal Herriko Laborantza Ganberak eta Gaindegiak gainbegiratuko dituzte aurkeztu proiektuak, eta aholkularitza lana ere egingo dute ondoren. Proiektuek finantzabidea lortu ahal izateko, gainera, Fiare banku etikoarekin eta Herrikoa arrisku kapitaleko elkartearekin ere sinatu ditu hitzarmenak Udalbiltzak. Goraipatu egin ditu Aierdik horiek: «Defendatzen dugun filosofiarekin eta garapen ereduarekin bat egingo duten bazkideak bilatu beharko ditugu, eta Fiare eta Herrikoa horren adibide dira».
Udalbiltzak Pirinioetarako diru laguntzen bigarren deialdia zabaldu du
Pirinioetan garapen eredu parte hartzailea garatzeko, lankidetza hitzarmena sinatu dute Udalbiltzak eta Cederna Garalur elkarteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu