Udalei adiskidetze politikak eskatu dizkie Baketik-ek

Jonan Fernandezen ustez, egin beharreko urratsak adostea baino zailagoa izango da iragana aztertzea

jon olano
Donostia
2011ko ekainaren 18a
00:00
Entzun
2011-2015eko legealdirako, «adiskidetze politiken jarduera iraunkorra zabaltzeko eta garatzeko» eskatu die Baketik taldeak udalei. Bake zentroaren irudiko, politika horiek «beharrezkoak eta lehentasunezkoak» dira bizikidetzaren etorkizunerako, eta eginkizun horretarako udalena «eremu egokiena» dela iritzi dio.

Adiskidetze politikak sustatze aldera, alkateei «proposamen zehatzak» helarazten saiatuko dira. Hala jakinarazi du Jonan Fernandez Baketik taldeko zuzendariak, Donostian eginiko agerraldian. Azaldu duenez, adiskidetzea prozesu bat da, eta, prozesu den heinean, faseak egin behar ditu. Horietako lau nabarmendu ditu Fernandezek: «Partekatzea, entzutea, erabakitzea eta sendotzea». Gaineratu du udalek lehen faseari —partekatzeari, alegia— ekin diezaioketela bi urteko epean.

Eraginkorra izan dadin, adiskidetze prozesu batek hiru galderari erantzun behar die, Fernandezen ustez: «Zer gertatu da, eta zergatik; zer egin behar da orain, aurrera egiteko; eta zer egin behar da gertatutakoa errepika ez dadin». Orain edo gerora egin beharreko urratsak adostea baino zailagoa izango da iragana aztertzea, Fernandezen arabera. Argi du eragile guztiek iraganaren analisi bera egitea «ezinezkoa» dela. Hori jakintzat emanik, ordea, gaineratu du ezinbestekoa dela eragileek «balorazio etiko komun bat» egitea.

«Pausoz pauso»

Iragana berrikustea, «oso zaila» izateaz gain, erresistentziaz beterik egon ohi dela ziurtatu du Fernandezek. Horregatik, aurrera egiteko formula «pixkanaka, pausoz pauso» joatea dela iritzi dio, eta kritika egin die gertatutakoaren bertsio bat «lehenbailehen fakturatzen» saiatu direnei. Gainera, pausoak emateko, bizikidetza kontseilu bat sortzea proposatu du. Izan ere, uste du arlo horretako politikak aurrera ateratzeko ez dela nahikoa gehiengoen eta gutxiengoen arteko dinamika: «Ahalik eta adostasun zabalenak behar dira».

Bake prozesu ugaritan adiskidetzea ahaztu dutela ziurtatu du Fernandezek, eta horren beharraz ohartarazi: «Adiskidetzea eta elkarbizitza denon artekoa da, edo ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.